Zaintza hausnarketarako hizpide, Iñurri Egunean

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 17a, 13:57

Bizitza ospatzeko eguna bizi izan zuen herri honek irailaren 13an egindako 2. Iñurri Egunaren bidez. Denetariko ekintzak programatu zituzten; horien artean, zaintza ahotan hartu zuen mahainguru interesgarria egin zuten Sutegin.

Bizitzari gorazarre egin zion herri honek irailaren 13an ospaturiko bigarren Iñurri Egunaren bidez. Goizetik gauera antzeman zen uneoro antolatu zituzten ekitaldietan, malko eta irri artean, "hil arte bizi" nahi dutela. Iñurritegia nola hazten doan, bai kopuruz, aniztasunaren ikuspegitik nahiz hedadura aldetik ere horren erakusleiho argia izan zen iragan larunbateko jaialdia. 

Esnatzea, tailerra, bertso musikatuez giroturiko bazkari jendetsua izan zituen edizio honek. Horrekin batera, minbiziaren akonpainamendu, formazio eta dibulgazioan ikuspegi feminista eta eraldatzaile batetik eragiten diharduen iñurritegiak Sutegin antolaturiko mahaingurua izan zen. Maider Galardi ikerlari eta kazetariak dinamizatu zuen. Alboan lau hizlari izan zituen, denak iñurriak edo haien bidelagunak. 

Zaintzaile izatetik zaindua izatera
Zaintzaz aritu ziren, autozaintzaz, zaintza sareez, (ez) amatasunez. Nola uztartu nork bere burua minbizi prozesuan, besteekiko zaintza ardurekin, bikote harremanarekin, horixe izan zen ahotan hartutako hizpideetako bat. "Zaintzailearen rola oso barneratua dugu, gure burua feministatzat jota ere", adierazi zuten. Aldiz, zaindua izatea egokitzen denean, hizlari hainbaten kasuan bezala, zaintzaile lanak alboratzea uztea ze zaila den nabarmendu zuten. "Asko kostatzen zaigu zaintza askatzea". Hor, "pendiente dugun" gaia aipatu zuten; "gaixotu aurretik, gure burua zaintzea". 

"Sarearen garrantzia" 
Zaintzaz aritu ziren, minbizia diagnostikatutik aurrerakoaz baita prozesu horren ostekoaz baita; "gorputza berriz sentitu eta maitatzen ikasi beharraz", sexu harreman afektiboak eraldatu beharraz edota nortasuna berreraiki beharraz. Horretan guztian, "sarearen garrantzia" nabarmendu zuten, dauden gabeziak seinalatzearekin batera. Emakumezkoen minbiziaz "datu oso gutxi" daudela eta, ikerketa sustatzearen garrantzia ere nabarmendu zuten. Halako prozesu baten "amaieran", informazio eta profesionalen formazio gabezia agerikoak direla azpimarratu zuten. Gogorarazi zutenez, ordea, "bizi nahi dugu, baina kalitatez", aldarrikatu zuten. Horretarako, zer hobetua badela adierazi zuten. "Ama izatea ukatu izan zait, informazio faltagatik", zioen hizlarietako batek. Bere esanetan, "informazio argia eman beharko litzaieke emakume ugalkor guztiei. Baina ez dago protokolorik, nahiko larria da".

Komunitatea, eraldaketarako tresna
Testuinguru horretan, geroz eta indibidualistagoa den gizarte honetan, argi adierazi zuten "komunitateak sortzea dira, eraldaketarako tresna bakarrak". Zaintza pribatizatu beharrean, "zaintza sistema komunitarioa" aldarrikatu zuten, "sareak sortzea, erakundeek denok zaintzeko baliagarria den sistema" sustatzea.  Ildo horretan, prozesuotan guztietan iñurritegiaren bidelaguntza goraipatu zuten. "Ez da erraza topatzea ondo ulertuko zaituen norbait". Zentzu horretan, Iñurri Elkartearen ekarpena nabarmendu zuten. "Paziente aktiboa izatea, biltzea, emozioak bideratzeko", horixe eman ziola nabarmendu zuen hizlarietako bat. Desio bat ere plazaratu zuten; "gizartea Iñurriren antzekoagoa izatea; zaurgarritasunetik elkar zaindu eta maitatzea".