Ondarearen Europako Jardunaldien hamargarren edizioa antolatu da Gipuzkoan urria eta azaroa parterako. Asteazken honetan, irailaren 17an, aurkeztu dituzte Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan. Aurtengoan, arkitektura izango dute ardatz ziklo horretako ekintzek.
Jardunaldiok Gipuzkoa guztiko udalerri gehienetara hedatuko dira. 123 ekintza programatu dituzte guztira 37 udalerrietan. Ekintza kultural hauen artean, bisita gidatuak, erakusketak, tailerrak, ikuskizunak, kontzertuak, erakustaldiak... iragarri dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta tokian tokiko eragile hainbaten artean bideraturiko ziklo honen baitan.
Jardunaldion oihartzuna Usurbila ere helduko da. Izan ere, 650 Usurbil Bizi herri egitasmoaren eskutik, hiru bisita gidatu programatu dira egitasmo honen barruan: bertso-ibilaldia, Salbatore Eliza, bertako ondarea ezagutzeko bisita gidatua organo erakustaldiarekin eta 1936ko "Gerraren Memoria Ibilbidea" izenekoa ere osatzeko aukera izango da.
Antolatzaileek gaur eginiko agerraldian parte hartu du 650 Usurbil Bizi herri egitasmoko dinamizatzaile Ines Azpiazuk. Berak eskaini ditu xehetasunak.
Proiektuaren zertzelada nagusiak azaldu ditu, lehenbizi. "Bestelako turismo eredua proposatzen dugu; herriaren identitate, balore, ondarean eta proiektu eraldatzaileetan oinarritutako eskaintza". Duela hiru urte abiatu zen herri egitasmoa, herritar eta askotariko eragileen arteko lankidetzatik. Bertan erabaki zen, zer nolako Usurbil erakutsi nahi zen. "Hamalau Usurbil identifikatu ziren", gogorazi du Azpiazuk gaurko agerraldian.
Haietatik hiru izango dira ikusgai, Ondarearen Europako Jardunaldiotan; sagardoaren, ondarearen eta memoria historikoaren Usurbil hain zuzen. Izan ere, hirurek "badute lotura zuzena une honetan azaltzen ari garenarekin".
Hiru Usurbil horiek 650 Usurbil Bizi egitasmoak antolaturiko beste hainbeste bisita gidaturen bidez ezagutzeko aukera izango da urritik azarora. Hemen xehetasunak:
Ondarearen Europako Jardunaldiak Usurbilen
Urriak 19, igandea
10:00 Usurbilgo sagardo kultura: bertso-ibilaldia, Ugarte baserri paretik abiatuta.
Zehaztasunak: "Usurbilek historia aberatsa eta izugarria du sagardoaren inguruan: ontzigintza, sagastiak, baserriak… Historia hori oraindik ere ikus daiteke paisaian eta eraikinetan. Alde batetik, sei sagardotegi ditu, bakoitza bere istorio eta izaerarekin. Bestetik, etxean bertan sagardoa egiten duten baserriak daude, iragana eta oraina uztartzen dituztenak. Jakoba Errekondoren eskutik ezagutuko dugu sagardoaren ekoizpenak historian zehar eraikuntzetan eta paisaian izan duen eragina eta bilakaera. Bertsoz girotuko dute hitzordua Maialen Lujanbiok eta Andoni Egañak Egiluze baserriaren dolarea ikusten den bitartean".
Urriak 25, larunbata
11:00 Salbatore Eliza eta bere ondarea ezagutzeko bisita gidatua, organo erakustaldiarekin.
Zehaztasunak: "Salbatore Elizaren historia ezagutuko dugu bisita gidatu hnetan: eraikinak urteetan zehar izandako aldaketak, gaur egungo egoerara iritsi arte. Bere kultur ondare aberatsari buruz ere ikasiko dugu: besteak beste, aldarea, Frantzisko Etxebestek XVI. mendean oparitutako kanpandorrea eta Cavaillé-Coll/Mutin organoa (1907/1920). Bisita gidatu honetan Juan Luis Atxega organo-jolearen parte-hartzea izango dugu, organo erakustaldia eta Cavaillé-Coll/Mutin organoaren azalpenak entzungo ditugu".
Azaroak 8, larunbata
11:00 Gerraren Memoriaren Ibilbidea, Mikel Laboa plazatik abiatuta.
Zehaztasunak: "Militarrek, 1936ko uztailean Errepublikaren aurka matxinatu zirenean, sortu zuten gerrak arrasto sakona utzi zuen Usurbilen ere. Orain arte bildutako datu, dokumentu eta testigantzetan oinarrituta, herrigunean Gerraren Memoria Ibilbidea sortu du Usurbil 1936 elkarteak. Bisita gidatu honetan elkarteko kideek bildutako informazioa partekatuko dugu zortzi geldiune dituen ibilbidean. Herriko eraikinek gerrako testigantzak gordetzen dituzte, bisitariei azalduko dizkiegu".
Informazio gehiago eta erreserbak (doan):
747 48 51 40
turismoa@650usurbilbizi.eus
Ondarearen Europako Jardunaldien egitarau osoa, hemen: gipuzkoa.eus
Oharra: kopuru mugatua.