Ondareari merezitako "balioa emateko, herritarrengana hurbiltzeko eta ondarea kontserbatzeak eta transmisioak gizarte kohesioa eta kultura nortasuna indartzen dituen elementu gisa duten garrantziaz sentsibilizatzeko" proiektua abiarazi zuen Europako Kontseiluak 1991. urtean.
Testuinguru horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak, hainbat eragilerekin lankidetzan Ondarearen Europako Jardunaldiak antolatu ditu hamargarren aldiz aurten. Urrian eta azaroan egingo dira, "ondarea eraikitzen" aldarripean. Izan ere, aipatu foru departamenduko foru diputatu Goizane Alvarezen esanetan, "aurtengo helburua ondare arkitektonikoari balioa ematea da, gure ondare kulturalaren adierazpenik ikusgarri, eguneroko eta sinbolikoenetako bat den aldetik. Edizio honetako jarduerak hainbat lan-ildoren inguruan artikulatzen dira — lanbide tradizionalak, ondare arkitektonikoaren berrerabilera, paisaia kulturala edo ondarearen eta memoriaren arteko lotura —, gure ondarea bizitzeko, eraikitzeko eta zaintzeko moduari buruzko begirada berriak ahalbidetzen dituztenak".
Aurtengo jardunaldiotan, beraz, "arkitekturaren lorpen artistiko eta teknikoak, hiri zalapartatsuetako monumentu handietatik landa eremuetako herri-eraikinetaraino" erakutsiko dira. Sustatzaileen esanetan, "arkitektura funtzionaltasun hutsetik haratago doa, tokiko eta nazioko historiaren, kultura-nortasunaren eta oroimen kolektiboaren sinbolo ahaltsua da ere".
Elkarlana indartzen
Asteazken honetan, irailaren 17an, aurkeztu dituzte aurtengo Gipuzkoa mailako Ondarearen Europako Jardunaldiak. 120 ekitaldi izango dira guztira, Gipuzkoako 37 udalerrietan. Albiste hau lerrootara dakarkigu, besteak beste, Usurbilek ere bat egin duelako ziklo honekin; hiru ekintza udalerri honetan antolatu dira.
Foru Aldundiak tokian tokiko Gipuzkoako askotariko eragileekin lankidetzan antolatu ditu jardunaldiok; "eragile antolatzaileak % 30 gehiago dira, eta jardueren eskaintza % 10 handitzea lortu da", Alvarezek nabarmendu duenez. "Aurtengo 123 proposamenak kultur eragileekin, elkarteekin, udalekin eta herritarrekin izandako lankidetzaren emaitza dira, eta erakusten dute elkarrekin lan egiten dugunean kultura indartsuagoa, inklusiboagoa eta partekatuagoa eraikitzen dugula", gaineratu du.
Albiste honi atxikitako talde argazkia duzue horren adibide argiena. "Aldundiaren lana koordinazioa, aholkularitza, proposamenak biltzea, jardueren katalogoa editatzea eta programa zabaltzea da, baina lurraldeko eragileek, museoek, elkarteek, enpresek, partikularrek eta abarrek dute jarduera beren baliabideekin egiteko ardura. Horiek gabe, programa hau ez litzateke posible izango", gogorarazi du foru diputatu Alvarezek.
Herritarrak "ondarearekiko hurbilketa berriak proposatu, ondarearen kontserbazioaren orainaz eta etorkizunaz hausnartzera gonbidatu eta jarduera bereziak, desberdinak eskaintzen dituen ondarearen festa" horretan parte hartzera deitu ditu.