Apiriletik Usurbilen pediatria kontsultarik gabe direla salatu dute

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 18a, 13:19

Apirilaz geroztik pediatria kontsultarik gabe dira Usurbilgo anbulatorioan. Bizitzen ari diren egoera larria salatu eta berehala konpontzea eskatu du, segidan duzuen prentsa oharra NOAUA!ra helarazi duen Usurbilgo guraso taldeak. Astebete barru egingo den udalbatzaren osoko bilkurarako mozioa aurkeztu du eta saio horren amaieran, elkarretaratzea deitu dute udaletxe atarian. Herritarrak parte hartzera deitu dituzte.

Apirilaz geroztik Usurbilgo anbulatorioan pediatria kontsultarik gabe direla salatu dute herriko gurasoek NOAUA!ra igorri berri duten ohar bidez. Egoera larri hau berehala konpontzea eskatu dute.

Izan ere, herriko osasun-etxeak pediatria kontsulta ez izateak "zuzenean eragiten die herriko haurren osasunari eta oinarrizko eskubideei". Gogorarazi dutenez, "osasun publikoa eta unibertsala aldarrikatzen den garaiotan, haurren osasuna
lehen mailako lehentasuna izan beharko litzateke. Hala ere, herri honetako guraso
askok Osakidetzari bidalitako idatzizko kexei emandako erantzuna beti bera izan
da: “Ez dago pediatrarik eta ez dakigu pediatria kontsulta zerbitzua noiz berrezarriko den”.

Alternatiba, oztopotsuagoa
Testuinguru horretan, "guraso asko babesgabe sentitzen gara, eta publikoki salatu nahi dugu Donostialdea ESIko arduradunaren aldetik ez dela orain arte inolako konponbiderik eman eta informazioa ematerakoan gardentasun falta larria dagoela".

Oinarrizko zerbitzu falta honen aurrean,  6.500 biztanleko udalerri honetako gurasoei eskaini zaien alternatiba bakarra, "Lasarte-Oriako Osasun Zentrora bideratzea da, honek haurren zaintzaileen lan eta familia bizitzen kontziliazioa are gehiago zailduz".

"Behar bezala artatuak izateko zailtasunak"
Ondorio kaltegarri bat baino gehiago dakartza bizi duten egoerak. Batetik, "gaixotasun kronikoak dituzten edo etengabeko jarraipen medikua behar duten haurren arreta zerbitzua oztopatuta egotea". Horren harira, "Lasarte-Oriako Osasun Zentroko gainkargaren ondorioz, oinarrizko zerbitzuak ukatzen ari dira; hala nola, 6 hilabetetik gorako haurren errebisioak, hauen garapenean eta osasun arazoen prebentzioa oztopatuz".

Oztopo gehiago ere nabarmendu dituzte. Hala nola, "Usurbilgo pediatraren, ikastetxeen eta gizarte zerbitzuen arteko elkarlan jarraia eta estua oztopatuz, arreta goiztiarra eta bestelako behar fisio-psikologikoak dituzten haurrak behar bezala artatuak izateko zailtasunak".

Hizkuntza beste oztopoetako bat da. Izan ere, "zenbait kasutan, Lasarte-Oriako Osasun Zentroan pediatra erdaldunak artatzen ditu gure herriko haurrak, eta kontuan izanik gure herriaren izaera euskalduna, funtsezkoa den paziente-mediku komunikazioa zailtasunez bete da, kalitatezko, gertuko eta arta eraginkorra oztopatuz".

Mozioa eta mobilizaziorako deia
Usurbilgo gurasook ohar bidez berri eman dutenez, gai horri buruzko mozioa aurkeztu dute udaletxean. Astebete barru, irailaren 25eko udalbatzaren osoko ohiko bilkuran bozkatuko dute udal ordezkariek. Arratsaldeko 18:00etan hasiko den saioa amaitutakoan, bestalde, bizi duten egoera salatu eta pediatria zerbitzua berehala berrezartzea galdegiteko elkarretaratzea deitu dute udaletxe atarian; aipatu moduan, irailaren 25ean, arratsaldeko 18:00etan hasiko den osoko bilkura amaitu ostean egingo da. "Herritarrak mobilizazioetan parte hartzera deitzen ditugu", egin dute gonbita.

Gurasook iragarri dutenez, "ekimen honen bidez eta egoera konpondu bitartean egingo direnen bidez, argi utzi nahi dugu ez garela isilduko, eta ez dugula egoera hau normalizatzerik onartuko". Argi utzi nahi izan dutenez, "gure haurren eskubideak errespetatuak izan daitezen borrokan jarraituko dugu".