Usurbil K.E.-ren bazkide egin nahiz txartelak jasotzeko aukera gaur

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 18a, 11:05

Usurbil Kirol Elkarteak bazkide txartelak banatuko ditu ostegun honetan, irailaren 18an Oiardo kiroldegiko kafetegian. Bazkide egiteko aukera izango da baita hitzordu berean.

Usurbil Kirol Elkarteak ostegun honetarako, irailaren 18rako iragarritako deialdiaren berri segidan. Bazkide txartelak banatuko ditu eskubaloi taldeen bilguneak gaur, hilaren 18an aipatu moduan, 19:15-20:15 artean, Oiardo kiroldegiko kafetegian.

Usurbil K.E.-tik ohartarazi dutenez, "lehen maila nazionaleko taldearen partidak ikusteko bazkide izatea edo sarrera ordaintzea beharrezkoa izango da". Horregatik, bazkide izan ez baina neurketok ikusi nahi dituenari ostegun honetan Oiardora joateko deia egin diete, "bertan, bazkide egiteko aukera egongo baita".

Adi, izan ere, senior mutilen lehen nazional mailako taldeak Oiardon bertan jokatuko du larunbatean, hilaren 20an. Herriko beste hiru eskubaloi taldeen partidak ikusteko aukera izango da baita. Hona hemen, Usurbil K.E.-k helarazitako hitzordu hauen guztien berri:

Eskubaloia kiroldegian
Irailak 20, larunbata
10:00 Kadete neskak B, Bilagun Usurbil K.E.-Ordizia Oiangu
11:30 Senior neskak, Urbil Usurbil K.E.- Pulpo Eskubaloia
13:00 Jubenil neskak, Usurbil K.E.-Saieko Autogelkor Premium Selection
17:30 Senior mutilak, Saizar Usurbil K.E. -Club Balonmano Romo Broker Kirol