Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, abisu horian izango gara ostiral honetan, irailaren 19an beroagatik. Batetik, muturreko tenperatura oso altuak tarteko, abisu horian izango gara, 13:00-20:00 artean. 32 gradu inguruko tenperatura izango dugula iragartzen ari dira.
Horrekin batera, gaur gauerditik hasita bihar egun osoz baso sute arriskuagatik ere kolore bereko abisua izango da indarrean. "Baso-sute arriskua altua da, hego-osagaiko haizearen intentsitateagatik eta tenperatura altuagatik", ohartarazi du Euskalmet-ek.
Bezpera honetan, irailaren 18an, Usurbilen "zerua hodei gutxirekin edo oskarbi egongo da. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da, goizean goiz hego-osagaitik finkatuko da tarte biziekin. Arratsaldean brisa altxatuko du. Gauean haizeak mendebal/ipar-mendebaldera egingo du, bolada gogorren batekin. Tenperatura maximoak nabarmen edo asko igoko dira".
Ostiralean, "zerua erdi mailako hodeien eta goi-hodeien tarteekin egongo da, arratsaldean bero-hodeiak garatuko dira. Arratsalde-gau partean baliteke zaparrada trumoitsuren bat botatzea. Hego-osagaiko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa igo eta maximoetan aldaketarik ez".
Larunbatean, "zerua hodeitsu egongo da, erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak nagusituz; arratsaldean hodeiak ugarituko dira eta zerua hodeitsu edo oso hodeitsu geratuko da. Arratsalde-gauean zaparrada trumoitsuak egin ditzake. Hego-osagaiko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin; goizean ipar-mendebaldera aldatuko da. Tenperatura jaitsi egingo da: gutxi edo nahikoa minimoak eta nabarmen edo asko maximoak".
Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.