Beroagatik abisu horian gaur, euriagatik larunbatean

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 19a, 08:00

Abisu horiaren eraginpean joango zaizkigu datozen bi egunok; ostirala beroagatik eta larunbata euriagatik. Lerrootan dituzue xehetasunak eta astebururako eguraldi iragarpenaren berri.

Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, abisu horian izango gara datozen bi egunotan. Hasteko, ostiral honetan, irailaren 19an, abisu bikoitza izango dugu; batetik, "muturreko tenperatura oso altuak" tarteko, abisu horian izango gara 13:00-20:00 artean. 32 gradu ingururainoko tenperatura izan dezakegu Usurbilen, datozen orduotan. Horrekin batera, "baso-sute arriskua" dela eta, kolore bereko abisua izango da indarrean egun osoz. Izan ere, "baso-sute arriskua altua da, hego-osagaiko haizearen intentsitateagatik eta tenperatura altuagatik", Euskalmet-ek jakinarazi duenez.

Larunbatean ere, irailaren 20an, abisu horiaren eraginpean segiko dugu, egoera oso bestelakoa izango den arren. Izan ere, prezipitazio handiagatik aktibatuko dute, arratsaldeko 18:00etan hasi eta gauerdira arte. "Ordubetean 15 l/m² pila daitezke. Zaparrada ertainak botako ditu, zenbait lekutan handiak eta trumoitsuak izan daitezke. Baliteke txingorra egitea (2-4 cm). Ekaitz-guneetan haize bolada gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke (60-90 km/h)", ohartarazi du Euskalmet-ek.

Astebururako iragarpena
Giro honekin, gaur, hilaren 19an, "zerua erdi mailako hodeien eta goi-hodeien tarteekin egongo da, arratsaldean bero-hodeiak garatuko dira. Arratsalde-gau partean baliteke zaparrada trumoitsuren bat botatzea. Hego-osagaiko haize bizia ibiliko da. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira", Euskalmet-en arabera.

Larunbatean aldaketa dator. "Zerua hodeitsu egongo da, erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak nagusituz; arratsaldean hodeiak ugaritu egingo dira eta zerua hodeitsu edo oso hodeitsu geratuko da. Zaparrada txiki-ertainak egingo ditu, batez ere egunaren bigarren zatian. Trumoi-ekaitzak izan daitezke. Hego-osagaiko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin; eguerdi inguruan ipar-mendebaldera aldatuko da. Tenperatura jaitsi egingo da: gutxi edo nahikoa minimoak eta nahikoa edo nabarmen maximoak", meteorologia agentziak aditzera eman dutenez.

Igandean euritan joango zaigu eguna. "Zerua hodeitsu egongo da, tarteka oso hodeitsu. Zaparrada txikiak botako ditu, zenbait lekutan ertainak. Ipar/ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, gauean bolada gogorrekin. Tenperatura jaitsi egingo da: minimoak nahikoa eta maximoak asko", Euskalmet-ek berri eman duenez.

Informazio eguneratua euskalmet.eus atarian jaso ahalko duzue.