Datorren astea, asfaltatze lanena

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 19a, 09:05

Zenbait asfaltatze lan egingo dituela berri eman du Usurbilgo Udalak. Datorren astean izango dira, Txokoalden, Kalezarren, herri erdigunean nahiz San Esteban auzoan.

Hainbat herri lan bideratzekoak ditu Usurbilgo Udalak hurrengo astean. Irailaren 22an hasi eta hilaren 25era arte luzatuko dira. Txokoalden, San Esteban auzoan, Kalezarren nahiz herri erdigunean egingo dira, denak asfaltatze lanak izango dira. "Excavaciones y Transportes Orsa SL enpresak egingo ditu, 47.583 euroan", Usurbilgo Udaletik zehaztu dutenez.

Hasteko, datorren astelehenean, irailaren 22an, "San Esteban auzoan, depositu ondoko aldapa asfaltatuko da". Biharamunean, hilaren 23an, gauza bera egingo dute Txokoalden, Iruindegi atarian. "Saneamendu lanak egin ziren, eta zoladura konpondu gabe gelditu zen" ordea.

Azkenik, irailaren 24an eta 25ean, beste hiru guneetan egingo dituzte asfaltatze lanak; batetik, "Barrenkalen oinezkoentzako pasabidea goratuko da", hartara, "udaletxera sarbide irisgarria bermatzeko". Kalezarren beste bi eremuotan egingo dira lanok; Kalezar 5ean, "oinezko pasabide goratua egingo da, bi aldeetako espaloiak modu irisgarrian lotzeko" eta "Kalezar 5 eta Kalezar 6A arteko espaloien artean oinezko pasabidea goratuko da, irisgarritasuna bermatzeko".