Pediatria zerbitzua martxan berriz, baina "ordutegi murriztuan"

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 23a, 11:08

Apirilaz geroztik etenda zegoen pediatria zerbitzua martxan jarri dute berriz gaur anbulatorioan, baina "ordutegi murriztuan". Errespetu faltatzat jo dute gai honen harira mobilizatu diren gurasoek. Ostegunean, irailaren 25ean, aurkeztu duten mozioaren bozketara eta haren osteko udaletxe aurreko elkarretaratzean parte hartzera deitu dute.

Apirilaz geroztik Usurbilgo anbulatorioan pediatria zerbitzua etenda dagoela salatu dute egunotan herriko hainbat gurasok. Gogoan izan, egoera berehala konpontzea eskatzeko mozioa aurkeztu dute udaletxean, ostegunean, irailaren 25ean 18:00etan egingo den udalbatzaren osoko bilkuran bozkatuko dutena. Saio horren amaieran, gainera, elkarretaratzea deitu dute udaletxe atarian bertan.

Iragan ostegunean eman zuten publikoki bizitzen ari diren egoeraren berri. NOAUA!ri ere adierazi zioten zenbait gurasok biharamunean, zurrumurruren bat entzun zutela, astelehen honetan, pediatria zerbitzua berreskuratuko ote zuen anbulatorioak. Hala dela jakinarazi dute ohar bidez gaur, baina ordutegi murriztuan berreskuratu dutela salatu dute, hiru ordu eta erdiko zerbitzua eskaintzen ari direla. Gurasoontzat "errespetu falta garbia da". Izan ere, gogorarazi dutenez, "osasuna ezin da erdizka eskaini".

"Irtenbide bat izatetik urrun, Usurbilgo gurasook uste dugu, neurri hau, Osakidetzako arduradunek ezarri nahi duten murrizketa ezkutu bat dela, eta gure seme-alabek osasun publiko, hurbila eta kalitatezkoa izateko duten eskubidea urratzen jarraitzen duela".

Ondorioz, ostegunerako deitua dagoen mobilizazioa mantendu egingo dute. Hemen, helarazi berri duten oharra osorik:

Usurbilen pediatria zerbitzu eskaintza murriztua: gure seme-alaben osasuna
arriskuan jartzen duen arreta osasun-zerbitzu partzial eta desorekatu bat
Ia bost hilabetez Usurbilgo Osasun Zentroan pediatria-kontsultarik eskaini gabe
egon ondoren, eta denbora tarte horretan Donostialdea ESIko arduradunen aldetik
zerbitzua berraktibatzeko inolako keinurik jaso gabe, gaur, irailaren 22an,
pediatria-kontsulta berriro martxan jarri dela jakin dugu... ordutegi murriztuan,
zehazki, 3 ordu eta erdiko zerbitzua. Irtenbide bat izatetik urrun, Usurbilgo
gurasook uste dugu, neurri hau, Osakidetzako arduradunek ezarri nahi duten
murrizketa ezkutu bat dela, eta gure seme-alabek osasun publiko, hurbila eta
kalitatezkoa izateko duten eskubidea urratzen jarraitzen duela.
Osasuna ezin da “erdizka” eskaini. Usurbilgo Osasun Zentroan pediatria kontsulta
zerbitzua murrizteko erabakia gure seme-alaben eskubideekiko errespetu falta
garbia da.
Gure herrian gertatzen ari dena ez da salbuespena, Euskal osasun sistema
publikoak bizi duen prekarietatearen isla baizik. Langile faltak, ordutegi
murrizketek eta murrizketa-kate zein erabaki zalantzagarriak euskal osasun
sistema publikoa ahultzen ari dira, arreta unibertsala, hurbila eta kalitatezkoa
izateko dugun eskubidea arriskuan jarriz. Herritarrontzat ondorioak nabarmenak
dira.
Usurbilgo familien izenean, 2025eko irailaren 18ko prentsa-oharrean adierazi
genuen bezala, mozio bat aurkeztu dugu Udaletxean eta herritar guztiei deia
egiten diegu deitutako mobilizazioetan parte hartzera. Ez bakarrik gure Osasun
Zentroan herriko haur eta familien beharrak %100ean beteko dituen pediatria-
zerbitzu duina eskatzeko, baizik eta, oro har, Osakidetzako arduradunei osasun
publiko sendo eta hurbilaren aldeko apustu irmoa eskatzeko.
Data: irailak 25, osteguna
Ordua: 18:00 (udalbatzarra ordu horretan hasiko da, eta amaitzean kontzentrazioa
egingo da)
Tokia: Usurbilgo udaletxearen aurrean