Udalbatzaren osoko bilkura

Anbulatorioko pediatria kontsulta zerbitzuaren etenaldia, osteguneko osoko bilkurako hizpideen artean

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 23a, 09:20

Iraileko azken ostegunarekin batera, udalbatzaren osoko bilkura izango da hilaren 25ean. Anbulatorioko pediatria kontsulten zerbitzuan izandako etenaldiari lotuta herriko guraso talde jendetsuak aurkezturiko mozioa bozkatuko dute udal ordezkariek. Gurasook, gainera, elkarretaratzea deitu dute osoko bilkuraren ostean, udaletxe atarian bertan.

Abuztuko etenaldiaren ondotik, iraileko azken osteguna heltzearekin batera itzuliko dira udalbatzaren osoko bilkurak. Datorren hitzordua hain zuzen, etzi izango da, hilaren 25ean, ohi bezala, arratsaldeko 18:00etan.

Usurbilgo Udalak osoko bilkura horretan udal ordezkariek ahotan hartuko duten gaien zerrenda helarazi du. Oraingo honetan, egunotan pil-pilean den anbulatorioko pediatria kontsulta zerbitzua izango dute hizpide. Hilabeteotako zerbitzu horren etenaldiaren harira, herriko guraso talde jendetsuak mozioa erregistratu du. Hilaren 25eko saioan irakurri eta bozkatuko dute udal ordezkariek. Gogoan izan, gai horren harira, elkarretaratzea deitu dute aipatu gurasoek osoko bilkuraren ostean udaletxe atarian. Ostegun arratsaldeko 18:00etan udaletxera joateko deia egina diete herritarrei.

Horrez gain, beste mozio bat ere ahotan hartuko dute udal ordezkariek, "berdeguneen, lorezaintza, inausketa eta mantentze zerbitzua hobetzea helburu" duena. 

Gaurkotasun handiko gai gehiagori ere tartea egingo diete etziko osoko bilkuran. Izan ere, duela hilabete, abuztua amaieran Oiardo kiroldegiko saunan izandako sutearen harira, ezbehar horrek eragindako kalteei aurre egiteko kreditu aldaketa ere ahotan hartuko dute udal ordezkariek.

Horrez gain, Usurbilgo bake epaile titularra eta ordezkoa hautatzeko deialdia izango dute saio bereko bestelako mintzagaien artean.

Udalbatzaren osoko bilkura
Eguna: irailak 25, osteguna.
Ordua: 18:00.
Tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.
Gai-zerrenda:
1.- 2025eko uztailaren 24ko akta onartzea.
2.- Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2025eko uztailaren 21etik irailaren 19ra (2025/998-2025/1213).
3.- Kontu ematea: KALD0004 Kreditu Aldaketa (Oiardoko Suteari aurre egiteko) (2025EKKA0004).
4.- Usurbilgo bake epaile titularra eta ordezkoa hautatzeko deialdia (2025IPED0001).
5.- Mozioa: Berdeguneen, lorezaintza, inausketa eta mantentze zerbitzua hobetzea helburu duen mozioa (2025IMOZ0007).
6.- Mozioa: Usurbilgo Osasun Zentroan pediatria kontsulta zerbitzu duina berehala berrezartzeko eskaera (2025IMOZ0008).
7.- Galdera eta eskaerak.