Beterri-Buruntza

Lanbideren bi dirulaguntza eskatzeko saio praktiko bana, Mankomunitatearen eskutik

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 24a, 08:53

Usurbil barne hartzen duen Beterri-Buruntzako Mankomunitateak Lanbideren bi dirulaguntza eskatzeko trebakuntza saio bana antolatu du urria hasieran.

Bi formakuntza saio antolatu ditu Beterri-Buruntza Mankomunitateak datorren hilabete hasierarako. Izan ere, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil barne hartzen dituen erakundeak Lanbideren bi dirulaguntza eskatzen trebatzeko saio bana iragarri du urriaren 1ean eta 3an, 14:30-16:00 artean. "Taldean zure eskaera egiten lagunduko dizugu!", iragarri dute.

Antolatzaileen esanetan, enpresa-jarduera bat abiarazi eta proiektua ezarri edota sendotzeko dirulaguntza deialdietara eskabideak aurkezteko laguntza eskainiko dute. Izena esteka honen bidez eman ahalko duzue: Beterri-Buruntza

Parte hartzaileei eskatu diete, "portatil propioa eta beharrezko dokumentu guztiak digitalki" ekartzea.

Bi formazio-ibilbide
Bestalde, Beterri-Buruntza Mankomunitateak deialdi bikoitza plazaratu du sare sozialen bidez; eskualdeko langabetuentzat doako bi formakuntza-ibilbideetan izena emateko eskaintza bikoitza hain zuzen.

"Bi ibilbide hauek Elkar-Ekin Lanean 2025-2026 programaren barruan garatuko dira", jakinarazi dute Mankomunitatetik.

Sala zuriko produkzio-teknikaria
Nori zuzendua: emakume langabetuentzat.
Barne doa: diploma eta zeharkako konpetentzien lanketa eta gaitasun digitalen trebakuntza.
Hasiera: irailaren 29a.
Ordutegia: 9:00-15:00.
Tokia: Alegiako Errotaldea industrialdea, 23.
Iraupena: 345 ordu.
Informazio gehiago: xlekuona@sutargi.org / 670 903 666

Soldadura
Nori zuzendua: 45 urtetik gorako langabetuentzat.
Barne doaz: bigarren mailako ziurtagiri profesionala, praktikak enpresetan eta zeharkako konpetentzien lanketa eta gaitasun digitalen trebakuntza.
Hasiera: urriaren 20a.
Ordutegia: 14:30-20:30.
Tokia: Andoaingo La Salle Berrozpe.
Iraupena: 650 ordu.
Informazio gehiago: monica@lasalleberrozpe.eus / 943 590 557.