Anbulatorioko pediatria zerbitzua hizpide izango duen udalbatzaren osoko bilkura gaur

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 25a, 07:47

Iraileko azken ostegun honekin batera, udalbatzaren osoko bilkura izango da gaur. Anbulatorioko pediatria kontsulten zerbitzuan izandako etenaldiari lotuta herriko guraso talde jendetsuak aurkezturiko mozioa bozkatuko dute udal ordezkariek. Gurasook, gainera, elkarretaratzea deitu dute osoko bilkuraren ostean, udaletxe atarian bertan.

Abuztuko etenaldiaren ondotik, iraileko azken ostegun honekin batera itzuliko dira udalbatzaren osoko bilkurak. Datorren hitzordua hain zuzen, gaur izango da, irailaren 25ean, ohi bezala, arratsaldeko 18:00etan.

Oraingo honetan, egunotan pil-pilean den anbulatorioko pediatria kontsulta zerbitzua izango dute hizpideetako bat. Hilabeteotako zerbitzu horren etenaldiaren harira, herriko guraso talde jendetsuak mozioa erregistratu du. Gaurko saioan aipatu testua irakurri eta bozkatuko dute udal ordezkariek. Gogoan izan, gai horren harira, elkarretaratzea deitu dute aipatu gurasoek osoko bilkuraren ostean udaletxe atarian. Gaur arratsaldeko 18:00etan udaletxera joateko deia egina diete herritarrei.

Horrez gain, beste mozio bat ere ahotan hartuko dute udal ordezkariek, "berdeguneen, lorezaintza, inausketa eta mantentze zerbitzua hobetzea helburu" duena. 

Gaurkotasun handiko gai gehiagori ere tartea egingo diete ostegun honetako osoko bilkuran. Izan ere, duela hilabete, abuztua amaieran Oiardo kiroldegiko saunan izandako sutearen harira, ezbehar horrek eragindako kalteei aurre egiteko kreditu aldaketa ere ahotan hartuko dute udal ordezkariek.

Horrez gain, Usurbilgo bake epaile titularra eta ordezkoa hautatzeko deialdia izango dute saio bereko bestelako mintzagaien artean.

Udalbatzaren osoko bilkura
Eguna: irailak 25, osteguna.
Ordua: 18:00.
Tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.
Gai-zerrenda:
1.- 2025eko uztailaren 24ko akta onartzea.
2.- Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2025eko uztailaren 21etik irailaren 19ra (2025/998-2025/1213).
3.- Kontu ematea: KALD0004 Kreditu Aldaketa (Oiardoko Suteari aurre egiteko) (2025EKKA0004).
4.- Usurbilgo bake epaile titularra eta ordezkoa hautatzeko deialdia (2025IPED0001).
5.- Mozioa: Berdeguneen, lorezaintza, inausketa eta mantentze zerbitzua hobetzea helburu duen mozioa (2025IMOZ0007).
6.- Mozioa: Usurbilgo Osasun Zentroan pediatria kontsulta zerbitzu duina berehala berrezartzeko eskaera (2025IMOZ0008).
7.- Galdera eta eskaerak.