Pediatria zerbitzu duina eskatzeko elkarretaratzea gaur

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 25a, 07:59

Apirilaz geroztik etenda zegoen pediatria zerbitzua martxan jarri zuten aste hasieran anbulatorioan, baina "ordutegi murriztuan". Errespetu faltatzat jo dute gai honen harira mobilizatu diren gurasoek. Ostegun honetan, 18:00etan udalbatzaren osoko bilkurara joateko deia egin dute, udaletxera. Bertan, gurasook aurkeztua duten mozioa irakurri eta bozkatuko dute eta saioa amaitutakoan, elkarretaratzea antolatu dute udaletxe atarian.

Apirilaz geroztik Usurbilgo anbulatorioan pediatria zerbitzua etenda dagoela salatu dute egunotan herriko hainbat gurasok. Gogoan izan, egoera berehala konpontzea eskatzeko, zerbitzu duina exijitzeko mozioa aurkeztu dute udaletxean, ostegun honetan, irailaren 25ean 18:00etan egingo den udalbatzaren osoko bilkuran bozkatuko dutena. Saio horren amaieran, gainera, elkarretaratzea deitu dute udaletxe atarian bertan.

Duela astebete eman zuten publikoki bizitzen ari diren egoeraren berri. NOAUA!ri ere adierazi zioten zenbait gurasok biharamunean, zurrumurruren bat entzun zutela, astelehen honetan, pediatria zerbitzua berreskuratuko ote zuen anbulatorioak. Hala dela jakinarazi zuten aste hasieran, baina ordutegi murriztuan berreskuratu dutela salatu zuten, hiru ordu eta erdiko zerbitzua eskaintzen ari direla. Gurasoontzat "errespetu falta garbia da". Izan ere, gogorarazi dutenez, "osasuna ezin da erdizka eskaini".

"Irtenbide bat izatetik urrun, Usurbilgo gurasook uste dugu, neurri hau, Osakidetzako arduradunek ezarri nahi duten murrizketa ezkutu bat dela, eta gure seme-alabek osasun publiko, hurbila eta kalitatezkoa izateko duten eskubidea urratzen jarraitzen duela".

Ondorioz, ostegunerako deitua aurkezturiko mozioari nahiz mobilizazioari eustea erabaki dute. Hemen, aste hasieran helarazitako oharra osorik:

Usurbilen pediatria zerbitzu eskaintza murriztua: gure seme-alaben osasuna
arriskuan jartzen duen arreta osasun-zerbitzu partzial eta desorekatu bat
Ia bost hilabetez Usurbilgo Osasun Zentroan pediatria-kontsultarik eskaini gabe egon ondoren, eta denbora tarte horretan Donostialdea ESIko arduradunen aldetik zerbitzua berraktibatzeko inolako keinurik jaso gabe, gaur, irailaren 22an, pediatria-kontsulta berriro martxan jarri dela jakin dugu... ordutegi murriztuan, zehazki, 3 ordu eta erdiko zerbitzua. Irtenbide bat izatetik urrun, Usurbilgo gurasook uste dugu, neurri hau, Osakidetzako  arduradunek ezarri nahi duten murrizketa ezkutu bat dela, eta gure seme-alabek osasun publiko, hurbila eta kalitatezkoa izateko duten eskubidea urratzen jarraitzen duela.

Osasuna ezin da “erdizka” eskaini. Usurbilgo Osasun Zentroan pediatria kontsulta zerbitzua murrizteko erabakia gure seme-alaben eskubideekiko errespetu falta garbia da. Gure herrian gertatzen ari dena ez da salbuespena, Euskal osasun sistema publikoak bizi duen prekarietatearen isla baizik. Langile faltak, ordutegi murrizketek eta murrizketa-kate zein erabaki zalantzagarriak euskal osasun sistema publikoa ahultzen ari dira, arreta unibertsala, hurbila eta kalitatezkoa izateko dugun eskubidea arriskuan jarriz. Herritarrontzat ondorioak nabarmenak dira.

Usurbilgo familien izenean, 2025eko irailaren 18ko prentsa-oharrean adierazi genuen bezala, mozio bat aurkeztu dugu Udaletxean eta herritar guztiei deia egiten diegu deitutako mobilizazioetan parte hartzera. Ez bakarrik gure Osasun Zentroan herriko haur eta familien beharrak %100ean beteko dituen pediatria-zerbitzu duina eskatzeko, baizik eta, oro har, Osakidetzako arduradunei osasun publiko sendo eta hurbilaren aldeko apustu irmoa eskatzeko.

Data: irailak 25, osteguna.
Ordua: 18:00 (udalbatzarra ordu horretan hasiko da, eta amaitzean kontzentrazioa
egingo da).
Tokia: Usurbilgo udaletxearen aurrean.