Iraileko azken osteguna gaurkoa, hilero moduan, udalbatzaren osoko bilkura izango dugun eguna. Arratsaldeko 18:00etan bilduko dira udal ordezkariak gai ezberdinak ahotan hartu, eztabaidatu eta bozkatzeko. Ostegun honetako saioak, ordea, berritasun bat izango du. Izan ere, gaurtik aurrerako osoko bilkurak streaming bidez zuzenean eskainiko ditu Udalak.
Gogoan izan, saio hauek irekiak dira, publikoak, edonor joan daiteke udalbatza aretora. Aurrerantzean, bertan gertatzen dena online zuzenean ikusi eta entzuteko aukera ere izango duzue, Usurbilgo Udalak Youtuben duen @usurbiludala4589 kanalaren bidez. Zuzeneko emisio horiek grabatu egingo direnez, gerora noiznahi ikusi ahalko dira kanal horretan bertan.
"Gertu misioaren parte da"
Udaletik aditzera eman dutenez, "osoko bilkurak Internet bidez zuzenean emateko erabakia Udala, Gertu misioaren parte da". Ildo horretan, "Udalaren jarduna herritarrengandik ahalik eta gertuen, eskuragarrien egoteko helburuarekin lanean ari da Udala: osoko bilkurak streaming bidez emanda, herritarrek osoko bilkurak zuzenean jarraitzeko duten eskubidea gauzatzeko aukera handitu da, bertaratu ezin duenak bilkura zuzenean jarraitu ahal izateko beste aukera bat izango baitu, Internet bidez".
Covid19ak 2020. urtean eragindako osasun krisialdian kokatu du Udalak erabaki honen jatorria. "Itxialdia ezarrita egonik ere, udalaren jardunak jarraitu egin zuen, eta osoko bilkurak egin egin ziren, telematikoki", oroitarazi dute.
Gerora, gaur osoko bilkurak zuzenean eskaintzerainoko bidea jorratu du Udalak. "Lehenengo, udalaren aretoko altzari berriak erosi ziren, 2022an; 2023an onartu zen osoko bilkuren funtzionamendu elektronikorako arautegia eta instalatu zen azpiegitura teknologikoa. 2024ko urtarrilaz geroztik, osoko bilkurak eta batzorde informatzaileak bideoz grabatu eta bideo aktak egiten dira. Funtzionamendu berriak, ordea, zenbait akats tekniko izan ditu ordutik, eta denak ondo funtzionatuko duela bermatuta, 2025eko iraileko osoko bilkura izango da streaming bidez emango den lehenengoa".