Iaz ez bezala, aurtengo sagar bilketa handia izango dela aurreikusten Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak. Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako 250 sagastietan hasi dira sagarrak biltzen, eta Euskal Sagardoak 6-7 milioi kilo sagar bilduko direla aurreikusten du. Horrela iragarri zuten asteartean Altzoko Ipintza baserrian emandako prentsaurrekoan
Euskal Sagardoa Jatorri Deitura barruan guztira 500 hektarea inguru sagasti daude, eta sagasti horietatik jatorri deitura barruan dauden 48 sagardotegietara banatzen dira, horietatik hiru Usurbilen: Araeta, Saizar eta Urdaira. Hektarea horiez gain, 160 hektarea daude sartu berri direnak edo datozen urteetan sartuko direnak. Hemen ekoizten den sagardo guztia hektarea horietan bildutako sagarrekin egitea du helburu Euskal Sagardoak.
Hala ere, oraindik hainbat erronka dituztela aitortu dute. Lehenik, urtero modu orekatuagoan hazitako uztak ateratzea lortu nahi dute. Izan ere, aurten uzta ona izan da, baina iazkoa aurtengoaren erdia izan zen; hau da, urte batean uzta txikia bada hurrengoan handia izango dela esan nahi du.
Ekoizpena ere handitu nahi dute, eta horretarako hainbat faktore aztertzen ari dira ikusteko zer eragin duten sagarretan: baldintza klimatikoak, lurraren lanketaren garrantzia, Geneva txertaken erabilera eta sagar mota ezberdinen interpolinizazioa. Hori guztia Euskal Sagardoak 106 sagar mota onartzen dituela kontuan izanda.
Sagardogileek sagasti zahar eta txikietan ere arazo bat nabaritu dute: ez dagoela erreleborik. Sagastiak zaintzeko, sagarrak biltzeko eta baserrian lan egiteko geroz eta gazte gutxiago daudela ohartu dira.