"Gure osasun sistema publikoaren desegitearen bidean urrats bat gehiago da"

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 26a, 09:39

Usurbilgo anbulatorioak lehendik zuen pediatria zerbitzu duina izatea galdegiteko mozioa aurkeztu du herriko guraso talde jendetsuak ostegun honetako, irailaren 25eko udalbatzaren osoko bilkuran. Mozioa gehiengo osoz onartu dute. Haren amaieran, elkarretaratzea egin dute udaletxe atarian.

Udalbatzaren osoko bilkura eguna zen ostegun honetakoa. Ohi baino jendetsuagoa izan da eta girotzerik ez da falta izan. Arratsaldeko 18:00etan udalbatza aretoan hasitako saioaren baitan, besteak beste, Usurbilgo anbulatorioan pediatria kontsulta zerbitzu duina bermatzea eskatzeko mozioa erregistratu du egunotan herriko guraso talde jendetsu batek.

Talde honetako ordezkaritza batek mozioa irakurri du udalbatza aretoan, gero udal ordezkariek gaiari buruz eztabaidatu eta amaieran, gehiengo osoz onartu dute bozketa garaian, EHBilduren udal ordezkarien babesarekin. EAJ eta PSE alderdiek aurka bozkatu eta testu alternatiboa aurkeztu dute.

Gaiari buruzko eztabaidak luze jo du udalbatza aretoan. Artean, udaletxe atarian hainbat familia bildu dira, mozio honen bozketaren harira deitua zuten elkarretaratzean. Mobilizazioa ofizialki, osoko bilkura amaitu denean hasi dute. Baina lehenagotik biltzeaz gain, topaketa girotua izan dute Porrotxen eskutik.

Aipatu moduan, osoko bilkura amaitutakoan ekin zaio ofizialki elkarretaratzeari. "Usurbilen pediatra zerbitzu duina orain! Zerbitzu murrizketarik ez!" aldarripean, hainbat familia mobilizatu dira udaletxe atarian. Deialdiarekin bat egin dute baita EHBilduren udal ordezkariek.

Haserrea agertu dute gurasook, udalbatza aretoan zenbait udal ordezkarien aldetik entzundakoagatik. Era berean, esker ona adierazi nahi izan dute, aste mugitu hauetan anbulatorioan pediatria zerbitzuarekin gertatzen ari zena salatzeko ahaleginera batu diren guztiei.

Segidan duzuen adierazpena plazaratu dute elkarretaratze horretan. Bertan, hilabeteotan bizitako egoera ekarri dute gogora, oraindik ere egun, berme guztiekin bideratu gabe dagoena. Eta argi diote, Usurbilgoa "ez da kasu isolatu bat, Osakidetzak bizi duen prekarietatearen isla argia baizik". Horregatik, deialdi bikoitza egin dute; herritarrei osasun zerbitzu duinen alde mobilizatzen segi dezaten eta erakundeei "zerbitzu duinak bermatzeko" galdegin diete.


Adierazpena
Eskerrik asko gaurko elkarretaratzera hurbildu zareten herritarroi eta, bereziki, azken asteotan, gure herriko egoera publikoki salatzeko buru-belarri aritu direnei. Apiriletik pediatra kontsulta zerbitzurik gabe egon gara gure herrian. Ordutik, Usurbilgo herritarrok Osakidetzak eskura dituen bide ofizialetatik aurkeztutako idatzizko erreklamazio ugariei emandako erantzunak konponbide batetik oso urrun geratu dira.

Herritarron idatzizko erreklamazioek jasotako erantzunak eskasak zirela ikusita, Usurbilgo Udalera ere jo zuten hainbat herritarrek. Udalak bitartekari gisa, Donostialdea ESI-ko arduradunari adierazpen sinatu baten bidez argibideak eta informazio gardena eskatu zitzaiola jakinarazi zigun eta eskaera horri erantzunik ematen ez zitzaiola.

Astelehenetik pediatria kontsulta zerbitzu murriztua berrezarri duela jakin dugu. Herrian zurrumurruak bueltaka dabiltza egunero, zazpi orduko zerbitzua ezarriko ote duten. Oraindik ikusteko daukagu hori ere.

Oraindik ere zain gaude Donostialdea ESI-ko arduradunen aldetik, azken hilabeteetan gertatu denari buruzko idatzizko informazio garden eta ofiziala jasotzeko.

Horregatik aurkeztu dugu mozioa udalbatzarrean, azalpenak galdegiten ditugulako. Gure herrian azken hilabeteotan bizi duguna ez da kasu isolatu bat, Osakidetzak bizi duen prekarietatearen isla argia baizik; langile murrizketa, kontsulta itxiera eta ordutegi murrizketa bakoitza gure osasun sistema publikoaren desegitearen bidean urrats bat gehiago da.

Horregatik, herritar guztiei dei egiten diegu, gure herri eta hirietan osasun zerbitzu publikoaren defentsan deitzen diren mobilizazioetan parte hartzera, irmoki defendatzeko, osasun publikoa ez dela saldu eta murrizten.

Eta instituzioei hemendik eskatzen diegu, zerbitzu duinak bermatzeko, finantzaketaren aldeko konpromisoa hartu dezaten. Osasuna herritarren eskubidea da, ez negozioa.