Usurbilgo anbulatorioan pediatria kontsulta zerbitzu duina berehala berrezartzea eskatzeko mozioa onartu du udalbatzak gehiengo osoz, ostegun honetan eginiko osoko bilkuran. Herriko gurasoek aurkeztu eta udalbatza aretoan irakurri duten testuaren ondotik, udal taldeen adierazpenen txanda heldu da.
Usurbilgo EHBilduk erabateko babesa adierazi dio Usurbilgo gurasoek aurkezturiko mozioari. "Usurbilgo EHBildutik konpromisoa hartzen dugu mozioan jasotako eskariak bideratzeko ESIko gerenteari, lehen ahoz egin dena orain ere mozio bidez idatziz eta baita ere, gure Legebiltzarreko kideei gai honekin lanean jarraitu dezaten", adierazi du Ainhoa Arrozpide zinegotziak.
Izan ere, EHBilduren udal ordezkariak gogorarazi duenez, jada bost hilabete igaro dira herriko osasun-etxea pediatria zerbitzurik gabe dagoenetik. Usurbilen gertatzen ari dena, testuinguru orokorrago baten baitan kokatu du koalizioak. Pediatra gabezia ez dela udalerri honetako kontu soila. Planifikazio falta dagoela adierazi dute, ez dela "apusturik egin lehen arretan pediatrak izan ditzagun". Horren harira, "Donostialdeko ESIko gerenteak eta Osakidetzako asistentzia arduradunei agerraldi bat eskatu zitzaien, pediatriaren egoera eta eredua aztertzeko".
Gai honetan "kudeatzaileen ardura eta erantzunkizuna" mahaigaineratu du EHBilduk. Horren haritik, esan dutenez, "Osasun Mahaian ere lehen arretako lantaldearen planteamendua lantzerakoan esan zitzaigun ez zela unea gai hori planteatzeko".
Testuinguru honetan, "herri akordio bat" erdiestea beharrezkotzat jo dute, "gainbehera doalako Osakidetza eta hori denok ikusten dugu. Horren adierazle da Usurbilen pediatrarekin gertatzen ari dena". EHBildutik, "osasun zerbitzu publiko eta unibertsala" defendatzen segitzen dutela nabarmendu dute.
Argibide falta Osakidetzaren aldetik
Arrozpiderekin batera, gaiak egunotan emandakoaz hainbat argibide eskaini ditu Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak. Ondoko bideotan dituzue adierazpenok. Solaberrietaren esanetan, aspalditik datorren egoera izanik, herritarren aldetik jasotako ezinegon eta kexen aurrean, maiatza amaieran hartuemanetan jarri zen Donostialdeko ESIko arduradunarekin gai hau zertan zen jakiteko. "Orduan esan zitzaigun plaza hutsik zegoela, ez zutela aurreikusten udan betetzeko aukerarik izango zenik, horretan ari zirela, saiatzen ari zirela plaza hori betetzen, baina posible zela ez betetzea eta, ondorioz, usurbildarrak Lasarteko pediatra zerbitzura bideratuko zituztela. Bai esan zitzaigula orduan, seguraski plaza jabetzan zuen langilea irailean itzuliko zela".
Herritarren ezinegona ikusita, haien kexen aurrean, argibideak Osakidetzaren aipatu eskualdeko arduradunari ematea zegokiola helarazi zion Usurbilgo alkateak. "Donostialdeko ESIko arduradunak irakurketa horrekin bat egin zuen, eta konpromisoa hartu zuen niri telefonoz emandako informazioa idatziz adieraztekoa". Baina konpromiso hori ez zuen bete. "Ondorioz, garai haietan gaiaren inguruan azalpen eske etortzen zitzaizkigunei argibideak ematen genizkien", oroitarazi du Usurbilgo alkateak.
Bi pediatra
Hala iritsi gara egunotara. Usurbilgo guraso talde batek mozioa erregistratu zuen iragan astean udaletxean. "Egoerak bere horretan jarraitzen duela eta mozio hau eskutan" ikusita, "berriro ere Donostialdeako ESI-ko lehen arretako arduradunarekin hizketan saiatu ginen jakiteko egoera zertan zen, maiatzeko elkarrizketaren ondotik". Hainbat alditan saiatu ostean, eta astelehenean gurasoen bidez lanaldi erdian pediatra lanean hasi zela jakin ostean, herenegun hitz egin ahal izan zuen alkateak aipatu arduradunarekin. Pediatra aurreikusi baino geroago hasi dela lanean azaldu zioten, "baina lanaldi murriztuarekin" eta lanaldia osoa osatzeko bigarren langile bat hasiko dela, lehenago ez bada, urriaren 6an beranduenez jota.
Bi langileon hizkuntz profilaz galdetu zion alkateak. Plazaren jabeak profil hori betetzen duela ziurtatu zioten, baina bigarren langileak ezetz, "ez dela pediatra euskalduna. Plaza hutsik ez uztea lehenetsi dutela" nahiz eta jakitun den "Usurbil herri euskalduna dela, Usurbilen artatzen diren umeen gehiengoa euskalduna dela".
Guraso taldearen mozioak Donostialdeko ESIari argibideak ematea eskatzen dio. Alkateak jakinarazi dio arduradun horri Udalaren idatzi bat jasoko dutela hori galdegiten eta "berak ere bat egiten zuen argibideok ematea Osakidetzari dagokiola".