Udalbatzaren osoko bilkura

EAJ eta PSE alderdiek mozio alternatiboa aurkeztu dute, ez dute onartu

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 26a, 09:01

Usurbilgo Osasun Zentroan pediatria kontsulta zerbitzu duina berehala berrezartzeko herriko gurasoek aurkezturiko mozioaren aurrean, testu alternatiboa aurkeztu dute EAJ eta PSE alderdiek ostegun honetako udalbatzaren osoko bilkuran. Gehiengo osoz ez da onartua izan.

Segidan duzue, EAJ eta PSE alderdiek aurkezturiko mozio alternatiboa osorik. Aipatu moduan, ez da onartua izan. Izan ere, bozketa garaian gehiengo osoa duten EHBilduren udal ordezkariek testu horren aurka bozkatu dute.

Albiste honi atxikitako bideoan dituzue EAJ eta PSE alderdiek mozioa irakurri duten unea eta gaiari buruz adierazitakoaren berri.

Mozio alternatiboko eskaerak
Testu alternatibo horretan udalbatzari eskatu diote "Osakidetzari, Usurbilgo Osasun Zentroan pediatria zerbitzua berma dezala, udalerriko haurren eta familien premiei %100ean erantzungo diena". Horrekin batera leialtasuna eskatu dute, Osakidetzarekin lankidetzan aritzeko. Gai honi buruzko "informazio egiaztatua eta kalitatezkoa zabaltzen" laguntzea galdegin dute eta "euskara ez dadila instrumentalizatu oinarrizko zerbitzu publikoen inguruko eztabaidan", profesionalak kontratatzeko dauden zailtasunen harira.

Horrez gain, "Osakidetzako profesionalen lan-eskubideak errespeta daitezela" eta "Usurbilen lan egitera datozen pertsonen integrazioa" erraztea galdegin dute bi udal taldeok babesturiko mozio alternatiboak.

"Demagogia erabili da publikoki Osakidetzaren aurka egiteko"
EAJ-ren bozeramaile Xabier Otxoak irakurri du aipatu mozio hori. Amaieran, hainbat adierazpen egin ditu. Lehenbizi argitu nahi izan du, aste hasieran pediatra gisa lanean hasitako langileak eszedentzia eskatu zuela eta bere borondatez hasi dela beharrean hilaren 22an, "ez Osakidetzak erabakita". Horren harira, errealitatea "desitxuratu edo manipulatu" izana egotzi dute. Izan ere, ukatu egin dute behin baino gehiagotan, Usurbilgo anbulatorioan murrizketarik dagoenik.

Salatu dute baita "osasuna modu zikinean erabili izana liskar politikorako. Demagogia erabili da publikoki Osakidetzaren aurka egiteko" eta ohartarazi dutenez, "denak ez du balio". EAJ-ren esanetan, gai honetan, "usurbildarren beharrak eta eskubideak ez dira lehenetsi".

Gezurtzat jo du Osakidetza murrizketak susta nahian dabilenik. Horrekin batera, eszedentzia eskatu zuen pediatra honen ordezkoa anbulatorioan lanean hasi zenean, ez zela euskalduna eta "presioak jasan zituen hainbat herritarren eta Udalaren partetik" nabarmendu du Otxoak eta ondorioz,  "alde egin zuen beste herri batera". Gerora, behin-behinean Usurbilgo haurrak Lasarteko anbulatorioan artatzea erabaki zuela Osakidetzak azaldu du Otxoak; "tamalez egoera hori nahi baino gehiago luzatu da".

Aurreikusi duenez, egun lanaldi erdian den pediatrari, lanaldi erdian jardungo den beste pediatra bat batuko zaio laster. "Pediatra euskalduna" nahi dutela ere gaineratu dute, eta hizkuntza honen erabilera sustatuko dutela kalean eta zerbitzu publikoetan, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko. "Baina neurri probisional bezala aukeratu behar badugu euskaraz ez dakien pediatra eduki edo Usurbilgo umeak pediatra gabe utzi, guk argi daukagu, lehenik osasuna eta pediatra izatea da. EHBilduk zer lehenesten du? Pediatra izatea edo ez?", galdetu dio udal gobernu taldeari.

"Ez dago eguneratua"
PSE-ko ordezkari Petri Romerok adierazi du baita herriko guraso taldeak aurkezturiko mozioaren aurka bozkatuko duela. Izan ere, "gai honi buruzko informazioa kontsultatuta, testuan adierazten dena ez dago eguneratua pediatria zerbitzuaren egungo egoerarekin". Modu horretan arrazoitu nahi izan du EAJ-rekin batera mozio alternatiboa aurkeztu izana.



"Usurbilgo Osasun Zentroan pediatria kontsulta zerbitzu duina berehala berrezartzeko eskaera", mozio alternatiboa
Usurbilgo Udalbatzak honako hau eskatzen du:
1) Osakidetzari, Usurbilgo Osasun Zentroan pediatria zerbitzua berma dezala, udalerriko haurren eta familien premiei %100ean erantzungo diena.
2) Usurbilgo Udalari, Osakidetzarekin modu leialean lankidetza instituzionala izan dezala, beti Usurbilgo haurren osasuna  lehenetsiz.
3) Usurbilgo Udalari, Usurbilgo herritarren artean udalerriko pediatria-zerbitzuari buruzko informazio egiaztatua eta kalitatezkoa zabaltzen lagun dezala, Osakidetzarekin etengabeko komunikazio eta lankidetzan.
4) Euskara ez dadila instrumentalizatu oinarrizko zerbitzu publikoen inguruko eztabaidan, jakinda zailtasun ugari daudela oro har medikuntza-arloan profesionalak kontratatzeko, eta bereziki tokiko pediatrak zein tokikoak ez direnak kontratatu ahal izateko.
5) Osakidetzako profesionalen lan-eskubideak errespeta daitezela, Mahai Sektorialean sindikatuekin aldez aurretik adostu bezala.
6) Usurbilen lan egitera datozen pertsonen integrazioa erraztu dadila esparru profesional guztietan; gure udalerria leku abegitsu, integratzaile eta udalerri anfitrioi eredugarri bihurtuz.

EAJ/PNV eta PSE-EE