Udalbatzaren osoko bilkura

Eztabaida bizia piztu du pediatria zerbitzua duintzeko eskaerak

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 26a, 08:58

Herriko guraso taldeak anbulatorioko pediatria zerbitzua duintzea eskatzeko ostegun honetako udalbatzaren osoko bilkuran aurkezturiko mozioak desadostasunak eragin ditu udal taldeen artean eta horrek eztabaida piztu du. Haserre agertu dira udalbatza aretoan ziren gurasoak, testuari babesa eman ez dioten taldeekin. Gurasook nahiz udal taldeek hartu dute hitza tarte horretan.

Udalbatza aretoan zen herriko guraso taldearen ordezkaritzak hitza hartu du, baita udal talde guztietako ordezkariek ere. Albiste honi atxikitako bideoan dituzue hitza hartu duten guztien adierazpenak.

Adierazpenen tarteen txanda igarota, bozketarako unea heldu da. Herriko guraso taldeak aurkezturiko mozioa gehiengo osoz onartu dute EHBilduren udal ordezkarien babesarekin. EAJ eta PSE aurka agertu dira. Bi taldeok mozio alternatiboa aurkeztu dute. Bozketan, gehiengo osoz ez da onartua izan, EHBilduren udal ordezkariak aurka agertu baitira.


"Gezurrik ez"
Haserrea eragin du udalbatza aretoan ziren gurasoen nahiz udal gobernu taldeko ordezkarien artean ere, EAJ-k mozio alternatiboa aurkezterakoan eginiko adierazpenak.

“Uste dut ez duzula egia bakar bat esan”, aurpegiratu dio gurasoetako batek aurrez hitza hartu duen EAJ-ren bozeramaile Xabier Otxoari; “gauzak ez dira zuek esan bezalakoak” gaineratu dio.

EAJ-tik esandakoak gezurtatu dizkiote gurasoek. “Pediatra uxatu egin dugula? Horregatik deitu genion eskerrak emateko, bera negarrez haurretaz agurtzen. Pediatra euskalduna zen, negarrez joan zen, ez zuen joan nahi hemendik, oso gustura zegoelako”. Etorri berri den pediatrari buruz argi utzi nahi izan dute, “ez dugu ezer pertsona honen kontra, ez dugu ezagutzen, eskubide osoa du murrizketa izateko. Guk eskatzen duguna da gure herrian zerbitzu horren ehuneko ehuna ematea. Euskalduna noski izan behar duela, gure haurrak ez daki erdaraz. Nola komunikatu behar du berak bere medikuarekin?”, galdetu dio gurasoetako batek EAJ-ren bozeramaileari.

Bizi duten egoera jendaurrean salatzen hasi diren azken egunotan bizitakoa azaldu dute. “Hilabeteak daramagu kexak jarri eta jartzen. Aurreko asteazkenean, deitu ziguten ez dagoela pediatrarik eta ez dela etorriko. Mugitu garen honetan, gaia atera da hedabideetan eta kasualitatez astelehenean pediatra dago”.

Gogorarazi dute duela lau bat urte egoera bera bizi izan zutela, bost hilabete pediatrarik gabe. Bigarren pediatraren iragarpenaren harira, argi adierazi du gurasoetako batek, “ez dugu ezer sinesten, gezurrik ez, dena idatziz nahi dugu. Nazkatuak gaude. Gure umeak diagnostikaturik gabe daude”. Pediatraren hizkuntza eskakizunei buruz argi adierazi dute, “noski euskalduna izan behar dela. Nahikoa da. Zu medikutara joaten zara eta aukera dezakezu ezta? Umeok ez. Pediatra bakarra dute eta bost hilabete daramate batere gabe”.

Argi utzi dutenez, “jarraituko dugu borrokatzen, noski, gure seme-alabak defendatuko ditugu. Gurasoak gara, ez alderdi politikoak”.


“Egin diren akusazioak oso-oso larriak dira”
Segidan, EHBilduren udal ordezkari Ainhoa Arrozpidek hartu du hitza. “Nabarmen geratu da, errealitatetik kanpo zuek zaudetela pediatria zerbitzuaren erabiltzailearen hitzak entzun ondoren”, aurpegiratu dio EAJ-ri. Gaineratu duenez, “egin diren akusazioak oso-oso larriak dira”. Ildo horretan, argi adierazi du EAJk eta PSEk aurkezturiko mozio alternatiboa “maltzurkeriaz, eztabaida desitxuratzeko eta erantzukizunak dagozkoinari ez jartzeko asmoz” aurkeztu dela.

PSE-rekin batera EAJ-k aurkezturiko mozio alternatiboaren edukiari dagokionean, “etxeko lanak eskatzen dizkiozue alde guztiei” adierazi die Arrozpidek, baina “Osakidetzari puntu bakarra eskatzen zaio, gainerakoa Udalari”. Horrez gain, “datuetan oinarritua diozue, datu bakar bat ere ez dago hemen”.

Mozioan Udalari informazio egiaztatu eta kalitatezkoa hedatzen laguntzea eskatzen diote EAJ-k eta PSEk. Arrozpidek alkatea Osakidetzarekin hartuemanetan nola aritu den gogorarazi du. Eskaera hori “lehenbizi agian Osakidetzari egin behar zaio, Osakidetzak berak eman behar ditu azalpenak”.

Udalari leialtasunez jokatzea eskatu zaio mozio alternatiboan, “zertara dator hau? Udala modu leialean jarduten da erakundeekin”, adierazi du Arrozpidek, pandemiaren kudeaketan eginiko lankidetza jarri du horren adibidetzat.

Euskara ez instrumentalizatzeko eskaerari dagokionean, “euskaldunok zerbitzuak gure hizkuntzan jasotzeko eskubidea dugu eta Usurbilen horren alde lan egingo du udal honek” erantzun du EHBilduren udal ordezkariak.

Era berean, langileen eskubideen defentsan Osakidetzak zer eginik baduela adierazi du aipatu testuko beste puntuetako bati erantzunez. Azkenik, integrazioa errazteaz ere aipamenik egiten du oposizioko udal taldeek aurkezturiko mozioak. “Udal honek integratzeko martxan jarritako politikak eta bitarteko guztiak jarriko balituzte beste hainbat erakundeetan, ez ginateke egongo hala arlo askotan”.


"Ehuneko ehunean egia da"
Berriz hartu du hitza gero EAJ-ren bozeramaile Xabier Otxoak. Gurasoen adierazpenei erantzunez esan die, “ulertzen dut herritarren ezinegona eta zuen kezkak ere ulertu eta partekatzen ditut”. Argitu nahi izan duenez, “ni ez nator hona eztabaida bat sortzera herritar batzuekin, eztabaida alderdi politikoen artean eman behar da”.

Horren harira, ziurtatu du, “guk dugun informazio guztia zuzenean datorrela eta informazioa hemen elkarbanatu duguna egia da. Hori ehuneko ehunean egia da”. Eta ageriko egiatzat jo du baita, “medikuak falta direla toki guztietan. Zer da hobea zerbitzurik ez izatea? Hori da proposatzen duzuena?”.


“Ea gai diren iristeko, benetan, Osakidetzak behar duen herri akordio horretara"
Eztabaida horretan eratua den Osasun Mahaia ekarri nahi izan dugu gogora Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak. “Zorionez dago lan-mahai bat hain zuzen ere, Osakidetzak dituen arazoei konponbide bat topatu nahian. Beraz, ez dugu ukatuko arazo bat duenik Osakidetzak”. Horregatik, EAJ-ri erantzunez gaineratu nahi izan duenez, “hemen ez da inor ari gai hau baliatzen manipulatzeko”. Harridura agertu du mozio alternatibo horrekiko. Izan ere, “hemen bide eman zaion ezinegon bati”.

Izan ere, argi du alkateak, “egoera honetara iritsi gara, politika batzuen ondorioz eta, orain, beste politika batzuk beharko dira. Ikusi beharko da plangintza estrategiko baten bidez nola eman konponbidea”.

Usurbilgo pediatria zerbitzuaren arazoari, momentuz, konponbidea eman zaiola dirudi baina konponbide hori “iraunkorra da?” galdetu du Solaberrietak. Berehala erantzun du, “ez dakigu zer berme ditugun etzi ez dela itzuliko egoera hori”.

Horregatik, berebiziko garrantzia du alkatearen esanetan, “ea gai diren iristeko, benetan, Osakidetzak behar duen herri akordio horretara, Osakidetza sendatzeko, ados jarri garelako gaixo dagoela eta sendatu behar dugula”.

"Osakidetza hobetu daiteke"
PSE-ko bozeramaile Petri Romerok hartu du hitza segidan. “Gauza asko esan dira”, adierazi du. Bere ustez, “dena hobetu daiteke, Osakidetza hobetu daiteke, uste dut denok ados gaudela horretan”. Argi utzi nahi izan du, “ez ditut herritarren bizipenak zalantzan jarriko, ez naiz inor hori egiteko”. Baina gurasoei adierazi nahi izan die, “ulertu behar duzue beste datu batzuk jaso ditugula eta hortik aurkeztu dugu testu alternatiboa. Zuek eskubidea duzue gure informazioa zalantzan jartzeko” baina adierazi die gurasoei eguneratu gabeko informazioa txertatu dutela mozioan.