Izandako harreragatik, manga tailer bikoitza antolatu behar izan dute

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 26a, 19:14

Sutegi udal liburutegiak antolaturiko tailerra bikoiztu behar izan dute erakarri duen parte hartzeagatik. Urrirako beste bi hitzordu antolatu dituzte.

2025-26 ikasturte betean dira jada baita Sutegi udal liburutegian ere. Egunerokoan eskaintzen duten zerbitzu eskaintza oparoaz gain, sarritan antolatu ohi duten uda osteko ekitaldien zikloa abiarazi dute gaurkoan, gaztetxoei zuzenduriko manga tailerrarekin. Sara Basurtok bideratu du sormena ardatz izan duen saioa. Saio bakarra antolatzea aurreikusia zuten, baina izandako harrera eta erakarritako parte hartzaile kopurua ikusita, bikoiztu egin dute tailerra.

Sortzen buru-belarri giro ederrean eta erabat kontzentratuta aritu dira tailerrean parte harturiko gaztetxoak.

Hasiera baino ez da izan gaurkoa. Sutegi udal liburutegiak urrirako antolatu ditu hurrengo bi ekintzok:

Sutegi udal liburutegiaren datozen deialdiak
Urriak 8, asteazkena
18:00
Ibon Martin idazlearekin bere “Onin” eta “Sira” sailei buruzko solasaldia Sutegiko auditorioan, 8 urtetik gorakoentzat. “Nondik ateratzen dituen ideiak/pertsonaiak, nola eta non idazten duen, zein hizkuntzatan, ilustrazioen berri... kontu ugari argituko digu Ibonek, eta gu, adi-adi egongo gara, amaieran galderak egingo dizkiogu…”.

Urriak 22, asteazkena
19:00
Gaztelerazko solasaldia, Ana Merinok zuzendurikoa. Lucia Berlinen “Manual para mujeres de la limpieza” ipuin liburuko lau ale hartuko dituzte ahotan: “Lavandería Ángel”, “Macadán”, “Manual para mujeres de la limpieza” eta “Punto de vista”. Aipatu liburuaren hainbat ale eskuragarri dituzue liburutegian bertan.