Uda ostean, ohiko jardunera itzultzen hasiak dira herri eragileak eta baita, honenbestez, herri bizitza ere. Itzulera horren bi adibide ditugu segidan. Arrobitxulo elkarguneak uda osteko lehen bilkura deitu du batetik. Bestetik, Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak hilabeteotako etenaldi osteko lehen kantu-jira. Bi hitzorduak larunbat honetarako, irailaren 27rako antolatu dituzte.
Bigarren Arrobiltzarra
Larunbaterako, irailaren 27rako deitu du Arrobitxulok goizeko 11:00etan Artzabalen kokaturiko gazte lokalean. "Arrobitxuloko bigarren batzarra proiektua definitzen jarraitu eta ekintza berriak martxan jartzeko baliatuko da" saioa, deitzaileen esanetan.
Ikasturteko lehen kantu-jira
Irailaren 15ean hasi zen biltzen berriz ikastarorako Usurbilgo Euskal Kantu Taldea. Aurrerantzean, ohi bezala, astelehenero elkartuko dira 18:00etan Agerialdeko musika gelan. Larunbaterako, irailaren 27rako dute iragarria udako etenaldi osteko lehen kantu-jira. 12:00etan abiatuko da Mikel Laboa plazatik. Ez ahaztu, kantu-liburuxka eramatea.