Palestinarekin bat egiteko lanuzte orokorra urriaren 15ean

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 26a, 20:09

Palestinarekin bat egiteko CCOO Euskadi eta Nafarroa, LAB, STEILAS, Solidari, ETXALDE eta HIRU sindikatuek lanuzte orokorra deitu dute urriaren 15ean Hego Euskal Herri osoan, baita, honenbestez, Usurbilen ere.

Genozidioarekin negozioa egitearen aurka, "langileok Palestinarekin!" aldarripean, lanuzte orokorra deitu dute CCOO Euskadi eta Nafarroa, LAB, STEILAS, Solidari, ETXALDE eta HIRU sindikatuek urriaren 15erako Hego Euskal Herri osoan, baita, honenbestez, Usurbilen ere. "Langile klasearen borroka, mobilizazio eta asanbladen eguna izango da", iragarri dute.

Deialdiarekin bat egin nahi duten sindikatu guztiei irekitako gonbita da honakoa, aipatu dutenez. Hurrengo astean, agerraldia egitekoak dira xehetasun gehiago eskaintzeko. Besteak beste, "deitzaileen zerrenda osoa aurkeztu eta egingo diren ekimen desberdinen" berri eman asmo dute hitzordu horretan.

"Ez da posible genozidio baten kontura negozioa egiten jarraitzea"
Halere, jada lanuzte orokor horren helburu nagusiak zeintzuk izango diren aurreratu nahi izan dute. Batetik, "Palestinako herriarekin langile klase osoaren elkartasuna adieraztea" izango du xede. Horrez gain, "Israel, Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuaren babesarekin, Palestinako herriaren aurka egiten ari den genozidioa eta gizateriaren kontrako krimenak" edota "Zisjordanian Palestinako lurraldearen etengabeko kolonizazioa eta horrek Palestinako langile klasearen lan eta bizi-baldintzetan dituen ondorio larriak" salatzeko ere baliatu nahi dute urriaren 15eko lanuzte orokorra.

Palestinarren aurkako genozidioa berehala amaitzea exijituko da baita "okupazioari nahiz kolonizazioari bukaera emango dion konponbide integral bat" galdegitea ere. Izan ere, sindikatuon esanetan, "ez da posible genozidio baten kontura negozioa egiten jarraitzea".

Horrez gain, etenaldirako deia ere egingo zaio Europari. "Europako Batasunaren eta Israelen arteko Elkartze Hitzarmena bere osotasunean eten dezatela" galdegingo da urriaren 15ean.