Uda osteko lehen elkarretaratzea egin du Sarek, urriko konferentziaren atarian

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 26a, 20:32

Usurbilgo Sarek deitutako elkarretaratzea egin dute ostiral iluntze honetan Mikel Laboa plazan. Urrian izango den konferentziaren berri eman dute.

Udako etenaldiaren ondotik, hileroko azken ostiraletako mobilizazioak itzuli dira plazara. Sarek deitutako elkarretaratzeez ari gara. Gaur, irailaren 26an egin dute lehen kontzentrazioa iluntzeko 20:00etan Mikel Laboa plazan.

Udako mobilizazioen fasea atzean utzita,  datozen hilabeteotako erronkei begira da Sare. "Garrantzia handiko uneak ari gara bizitzen gatazkak utzi dizkigun ondorioen konponbideari dagokionean eta ardura handiz ari gara lanean, ondorio horien konponbidea behin betikoa izan dadin".

Gaur egun, Saretik zehaztu dutenez, 126 presoetatik 64 "zigorrak erregimen irekian betetzen" ari dira. "Honek euskal presoen erdia egunerokotasunean kalea zapaltzen ari dela esan nahi du eta noski, positiboki baloratu beharreko datuak dira hauek".

Halere, gaurko elkarretaratzean gogorarazi dutenez, "beraien zigorrak erregimen itxian betetzen ari diren presoen kopurua zehazten duten zifrak, are txikiagoa beharko luke beste edozein arrazoirengatik espetxean dagoen edozeini aplikatzen zaizkion lege eta espetxe politikak aplikatuko balitzaizkieke euskal presoei. Zer esanik ez, oraindik orain erbestean jarraitzen duten 15 iheslari eta 3 deportaturen egoerak sufrimendu izugarria eragiten jarraitzen duela".

Konferentzia urriaren 18an
Saretik nabarmendu dutenez, "bide horretan sakondu beharra dago, salbuespena ezin delako gehiago luzatu, sufrimenduak ezin direlako gehiago luzatu eta konponbideak, bakeak eta elkarbizitzak ezin duelako gehiago luzatu".

Testuinguru horretan iragarri dute, urriaren 18an Bilboko Euskalduna Jauregian Sarek antolaturiko 2. Konferentzia, "ezin da gehiago luzatu" aldarripean. Bi atal izango ditu hitzorduak. Hasteko, "konponbide eredu ezberdinak nazioarteko gatazketan" izango dituzte mintzagai. Bigarren zatiak "gatazka bateko biktimak. Bada garaia salbuespenik gabeko errekonozimendu baterako" du izenburutzat. Batean zein bestean, adituek nahiz gaia hurbiletik bizitakoek hartuko dute hitza. Segidan duzue, Sarek antolaturiko 2. Konferentzia horren egitaraua.

Ekarpena konponbideari
Gaurko elkarretaratzearen deitzaileen esanetan, auzi hau behin betiko konpontzeko "bezain besteko beharra dago urte luzez iraun zuen gatazkak eragindako sufrimenduen biktimek egia jakiteko, errekonozimendua izateko, aitortza instituzionala jasotzeko eta erreparazio duin bat izateko". Horregatik urriko konferentzian, iragarri dutenez, "prozesu horri guztiari ekarpena egiten saiatuko gara beste behin, goi mailako hizlari eta herri honetan bizituriko gatazkak utzitako zenbait lekukorekin".

Saretik gogorarazi dutenez, "zubiak eraikitzeko momentua da eta zubiak egun batetik bestera eraiki ezin daitezkeela jakin badakigu ere, zubiari falta zaizkion piezak jartzen jarraituko dugula berretsi nahi dugu". Lanean segi asmo dute, "orain arteko bidean, behin betiko konponbidea, bakea eta elkarbizitza lortu arte", diotenez, "ezin baita gehiago luzatu".