"Norgehiagoka" erakusketa

Eskola kirolaz eta, orohar, kirolaz hausnartzeko gunea Sutegi asteotan

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 27a, 11:19

Eskola kiroleko eta kirol munduko jarrera desegokiez eta lehikortasun goiztiarraz hausnartzeko eremua izango dugu Sutegi urriaren 12ra arte. Arlo ezberdinetako aurpegi ezagunek sortutako idatziek nahiz Zirimarako kideek sortutako ikus-entzunezkoak murgilaraziko gaitu hausnarketa ariketa horretan. Zabalik duzue jada "Norgehiagoka" erakusketa, Irazu kaleko kultur-etxeko aretoan.

Pil-pilen den gaurkotasun handiko gaiaz, Eskola Kirolean eta orohar, kirolean izandako jarrera desegokiez nahiz lehiakortasun goiztiarraz hausnartzeko aukera duzue datozen hiru asteburuotan Sutegi kultur-etxean zabalik izango duzuen "Norgehiagoka" erakusketan.

Ostiral honetan, irailaren 26an ireki dute ofizialki. Bertan izan dira, egitasmo honen sustatzaileak eta parte hartzaileak. Usurbilgo alkateak hitza hartutako tartean definitu moduan, "hausnarketa ariketa aktibo" bat egitea ahalbidetuko du erakusketara gerturatzen denak, bertan ikusgai izango dituen irudi eta testuen bidez. "Batetik, Zirimarako haur, guraso eta hezitzaileekin osatutako ikus-entzunezkoa daukagu. Bestetik, gaiaren inguruko hausnarketak egiteko eskatu zaie kirol munduko, hezkuntzako zein kulturako 36 pertsona erreferenteei. Testu horiek bi eratara aurkeztu ditugu; erakusketan bertan jarri ditugu ikustera datorrenarentzat eta liburuxka bat osatu dugu ere guztiekin. Azkenik, argazkiak ere tartekatu ditugu erakusketan", azaldu du ostiral honetako irekiera ekitaldian, kirol arloko zinegotzi Xabat Beloki Segurolak.

36 lagun dira testuak idatzi dituztenak. Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak zehaztu moduan, tartean, "usurbildarrak ere baditugu: Iñaki Agirresarobe, Peru Galbete, Uxue Fernandez, Oidui Usabiaga, Jon Mikel Azpiazu, Eneko Harreguy, Ixabel Agirresarobe, Xabier Mikel Errekondo eta Eneko Furundarena". Haiez gain, "usurbildarrak ez direnak ere badaude: Jose Luis Otamendi eta Andu Lertxundi idazleak, Patri Espinar, Iñaki Artola eta Erik Balentziaga kirolariak, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Amaia Agirre eta Amets Arzallus bertsolariak". 

Luzeera eta doinu ezberdinetako testuak dira denak, baina guztiek dute lotune argia, alkatearen esanetan. "Denek ere hausnarketarako gakoak ematen dizkigute", nabarmendu du. Horregatik dioenez, "uste dugu lan handia egin dela bai ikus-entzunezkoaren kasuan eta baita liburuxkaren kasuan ere", goraipatu du Solaberrietak.

"Hausnarketa ariketa aktiboa"
Erakusketa martxan jarrita, orain arteko eginiko lana hedatu, partekatu eta hausnartzeko garaia dela dio orain. "Hausnarketa ariketa aktiboa da eta tarte bat eskaini behar zaio propio patxadaz. Horregatik iruditu zitzaigun aretoan bertan baino, hemen ere noski, baina egokia izan zitekeela testuak etxera eramateko aukera sortzea. Hori da hain justu liburuxka, sarreran bertan aurki dezakezuena". 

Erakusketako testu guztiak liburuxka horretan bildu dituzte eta amaieran, kontrazalean QR kode bat aurkituko duzue, "ikus-entzunezkoa ere etxean ikusteko aukera izan dezazuen". 

Egitasmo honen bidez, eta "eskola kirolaren filosofia ezbaian dagoen garai hauetan, inoiz baino ozenago defendatu nahi dugu Usurbilgo Udaletik gure herrian garatzen ari den eskola kirolaren eredua", goraipatu du alkateak. 

Proiektu horretan "sinesten duzuen guztioi eskerrak ematea baino ez dut". Horien artean da erakusketa honen sustatzaile nagusia, Manu Urbieta, erakusketaren irekiera ekitaldian egoterik izan ez duena.

Zirimararen izenean jarri zen hartuemanetan bere garaian Udalarekin orain erakusketa moduan aurkeztu duen lanketarako babes bila. Udaletik laguntza eskainita, hasiera batean ikus-entzunezko bat sortzea zen helburua eta Xabat Belokik azaldu moduan, "Eskola Kirolean eta kirolean orohar izaten diren jarrera desegokiak, lehiakortasun goiztiarrak izan ditzakeen ondorioak azalerazi eta horien inguruko hausnarketa bat" sustatzea.

Ordutik, egitasmoa eraldatzen eta handitzen joan da, ordea. Hausnarketarako erakusketan bilakatu da azkenean.

Erakusketaren egutegia
• Irekiera egunak: irailak 26, 27, 28. Urriak 3, 4, 5, 10, 11, 12.
• Ordutegia: Ostiraletan eta larunbatetan: 17:00-20:00 artean. Igandeetan: 12:00-14:00 artean.