Igerilekua ireki arteko behin-behineko eskaintza plazaratu du Oiardo kiroldegiak

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 29a, 12:17

Abuztu amaieran kiroldegian izandako sutea tarteko, igerilekua ireki arterainoko behin-behineko eskaintza prestatu dute Oiardon. Izena gaurtik urriaren 10era arte eman ahalko da.

Abuztuaren 27an Oiardo kiroldegiko igerilekuan kokaturiko saunan sutea izan zen. Kalteak tarteko, astebetez itxita izan zuten kiroldegia. Iraila hasieratik partzialki zabalik da, baina igerileku ingurua ez. Eremu hau berriz erabiltzeko moduan jarri arte, behin-behineko eskaintza plazaratu dute Oiardotik.

Hala, "uretako ikastaroetan izena emandako erabiltzaileei zein erabiltzaile guztiei, oro har, bestelako ikastaroak egiteko aukera eskaini" dute. Batetik, igeriketara zuzenduriko indarra eta teknika lantzeko entrenamendu funtzionalak antolatu dituzte. Bigarrenik, "multigym" deritzona, hau da, "aquagym" jarduera, aretoan egingo dena. Hirugarrenik, spining eta urteko saioen ordezko aretoko jarduerak uztartuko dituzten saio konbinatuak ere antolatu dituzte.

Saio horiek guztiak igerilekua ireki bitarte eskainiko dira. Eremu hori berriz funtzionamenduan jarri ostean, eten egingo direla ohartarazi du Usurbilgo Udalak, "uretakoak ordezkatzeko prestatuak dira eta".

Bi ikastaro berri ere eskainiko ditu Oiardo kiroldegiak: bizkarra landu eta indartzeko "iso-stretching" ikastaroa eta oreka, koordinazioa zein indarra lantzeko "OKI" izenekoa.

Eskaintza berri horri buruzko xehetasun gehiago, Usurbilgo Udalaren atarian, usurbil.eus atarian duzue.

Abiatzear
Aretoko jarduerak aurreikusi moduan bideratuko dira. Udaletik jakinarazi dutenez, iraileko lehen asteetan bideratu zuten saio horietarako izen-ematea. Asteazkenean, urriaren lehenean abiaraziko dituzte. "Kasu horretan, izena emateko epe arruntean erabat bete ez ziren ikastaroetan izena emateko aukera dago", gogorarazi dute Udaletik. Ikastaro horien ordutegiak zehaztu dituzte:
-Total training: astelehen-asteazken, 08:00etan.
-Spinning: astelehen-asteazken, 20:30ean.
-Yoga: astelehenetan, 19:00etan, eta asteazkenetan, 09:30ean.
-HIIT: astelehen-asteazken, 20:15ean.
-Emakumeentzako oinarrizko indarra: astearte-ostegun, 15:30ean.

"Luze joko du"
Hilabete igaro da Oiardo kiroldegian abuztuaren 27an sutea izan zenetik. Aipatu moduan, astebetez itxita egon zen kiroldegia. "Suteak eragin gutxien izandako eremuak astebete inguruan ireki ahal izan ziren, irailaren 3an, airearen kalitatea neurtu eta emaitza onak izan ostean". Aldiz, igerilekua eta sauna itxita daude oraindik. "Zehazterik ez dagoen arren, eremu horren birgaitzeak luze joko du. Uretako ikastaroen izen-ematea eten egin zen, eta igerilekuak irekitzeko baldintza egokiak daudenean irekiko da, berriz; jada izena emanda dutenek ez dute berriz egin beharko".

Orain arte eginiko lanen berri eman du Udalak. "Kalteak zehaztu ahal izateko, lehenengo lana instalazioak sakon garbitzea izan zen. Kalteen txosten teknikoa aurrez kiroldegiko proiektua landu zuen ingeniari berari eskatu dio udalak. Aurreikuspenen arabera, egunotan jasoko du dokumentua, eta jakingo du zer lan egin behar diren eta zenbateko kostua izango duen. Txosten hori ontzat eman beharko du udalaren aseguru etxeak, lanean hasi ahal izateko".

Horren harira, "ostegunean izan zen iraileko osoko bilkuran suteari lotutako kreditu aldaketa baten berri eman zen. Udalaren aseguru etxeak hasiera batean egindako estimazioari jarraiki, 185.000 euroko partida bat gorde da sutearen ondorioei aurre egiteko. Alkateak berak osoko bilkuran ohartarazi zuenez, ordea, oso litekeena da kopuru hori handitu behar izatea.