Usurbilgo Udalak antolaturiko solasaldia astearte honetan, irailaren 30ean izango da, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. "Pasa den maiatzaren 20az geroztik Atzerritartasun Erregelamendu berria indarrean dago. Haren ondorioz, aldaketak izan dira errotze sozialaren bidezko bizileku-baimenaren figuran, eta bestalde, errotze sozioformatiboaren bidezko bizileku-baimena sortu da. Aldaketa hauen inguruko zalantzak argitzeko baliogarria izango da hitzaldia", aurreratu dute antolatzaileek.
Elebitan eskainiko den hitzaldiko hizlaria izango da, Usurbilen Atzerritartasun gaietarako aholkularitza ematen duen abokatu eta SOS Arrazakeriako kide Mikel Mazkiaran López de Goikoetxea.
Atzerritartasun gaietarako doako aholkularitza juridikoa
Usurbil harrera herri bilakatzeko bidean, beste urrats bat emana du Usurbilgo Udalak. Izan ere, atzerritartasun gaietarako doako aholkularitza eskaintzen hasi da. Hilean behin eskaintzen du, lehen ostiraletan, 15:00-19:00 artean. Zerbitzu hau baliatu nahi dutenek aurrez hitzordua eskatu beharko dute udal Aniztasun Sailaren bidez: adiaz@usurbil.eus helbidean edo 943 377 112 telefono zenbakian.
Udalarekin sinatua duen hitzarmenaren baitan, zereginotan hiru hamarkada baino gehiago daraman gobernuz kanpoko erakunde SOS Arrazakeria arduratuko da, haren ordezkari Mikel Mazkiaran. Bera da hain zuzen, astearte honetako, irailaren 30eko hitzaldia eskainiko duena.