Urteko hamargarren hilabetean sartu gara jada. Hitzorduen eskaintza bete-betearekin datorkigu urria. Usurbilgo Udalak etxez etxe banatu berri duen agendari erreparatzen badiozue, astebururo ekintza bat baino gehiago izango da denetarik eta denontzat, ohi bezala.
Aginagako jaiekin ekingo diogu urriari. Hilaren 3tik 11ra, kontzertu gauak, haurrei zuzenduriko ekintzak, oilasko biltzaileen irteera, txapelketak, herri afaria eta ospakizun gehiago programatu dituzte San Praixkuen antolatzaileek. Festa hauekin, uda parteko jaien zikloa agurtuko dugu aurtengoz.
Halere, ospakizun kutsuko hitzorduak ez dira Aginagan amaituko. Izan ere, hiru jaialdi programatu dira abiatu berri dugun urrian. Bueltan dator, Txalaparta Festa hilaren 18an, Jexux Artze K.E.-ren eta 650 Usurbil Bizi herri egitasmoaren eskutik. Herri erromeria, ibilaldia, bazkaria edota ibiltaria izango den kontzertuen arratsaldea programatu dute.
Booktegi jaialdiaren laugarren edizioa ospatuko da astebete geroago, urriaren 24ean eta 25ean. Aurten bi egunez eta hitzordu berriekin; "Rupertorioa" edota "Booktubers" izeneko ekintzekin, Amebaren kontzertuarekin edota Oihan Vegaren "Euskañolitis" saioarekin. Ez da faltako "Elkarri irakurriz" solasaldia.
Egun berean, gainera, hamar urte betetako Orbeldi Dantza Taldeak ere jaieguna izango du. Kalejira, bazkaria eta erromeria antolatu dituzte.
Santuenea, Aginaga, Zubieta...
Usurbilgo herri eta auzoak girotzeko ez da hitzordurik faltako hurrengo asteotan. Bertso-afaria antolatu du Santuenean bertako auzo elkarteak urriaren 17an Nerea Elustondo, Eli Pagola eta Sustrai Colinarekin, ikastaro eta tailer gehiagorekin batera; sendabelar baratzea, heriotzari buruzko pedagogia saioa edota aeroyoga, tai-chi, joskintza tailerrak...
Aginagan, festez gain, "Ahotsez: Kalakan eta Berçaits anaiak" emanaldia eskainiko da hilaren 19an. Bezperan, Zubietan Ana Goitiaren "Katana" bakarrizketa saioa programatu dute urriaren 18an.
Kalezarren barrena bertso-ibilaldia programatu dute, bestalde, Alkartasuna Kooperatibak hilaren 19an. Jakoba Errekondoren azalpenek eta Maialen Lujanbio nahiz Andoni Egaña bertsolariek girotuko dute. Ibiltzeko beste proposamen bati leku egingo zaio egun berean, Buruntzaldeko Ibilbideen 16. Egunarekin.
Sutegin musika, literatura, zinea...
Musika kontu gehiago; Mihisek "Ahaldatu" diskoa kontzertu bidez aurkeztuko du urriaren 17an Sutegin. Organo kontzertua programatu du, bestalde, Organoaren Lagunak taldeak; Mikel Ansola Garitagoitiarena.
Sutegi aipatu dugu eta azaroan 20 urte beteko dituen eraikinetik irten gabe, ekintza gehiago ere izango dira auditorioan baita liburutegian ere. Auditorioan, euskarazko film berrienak dakartza NOAUA! Kultur Elkarteak udazken honetan; hasteko, "Jone, Batzuetan" ikus-entzunezkoa urriaren 12an. Sarrerak salgai dituzue dagoeneko.
Liburutegian, bestalde, udazken parteko dinamika abiarazi dute. Hilabete honetan hiru ekintza antolatu dituzte; Ibon Martin idazlearekin topaketa hilaren 8an, literatura solasaldia Ana Merino herrikidearekin hilaren 22an eta, amaitzeko, Irati Goikoetxearen "Nor" liburuari buruzko irakurketa solasaldia.
Erakustaretoa ere zabalik izango da asteotan, iragan ostiralean irekitako "Norgehiagoka" erakusketarekin. Sagardotako sagarrak ere erakusgai jarriko dituzte.
Zaintza ere hizpide izango dugu hilabete honetan; ostegunean, urriaren 2an, Egurtzegiko bizi osorako etxebizitzak bisitatzeko aukera izango da eta hilaren 16an, Hurbilduz auzo-zaintza proiektua aurkeztuko dute.
Pelaioenea girotuko duen hitzordurik ez da faltako hilabete honetan. Bertan egoitza duen Usurbilgo Emakumeon Etxearen eskutik, twerk saioa, Emakumeon Topaketa edota "Mi parto robado" liburuaren aurkezpena eta solasaldia antolatu dituzte.
Hori guztia eta gehiago datorkigu urrian zehar. Informazio gehiago usurbilkultura.eus plataforman nahiz web orrialde honetako "Agenda" atalean.