Etxebizitzen alokairu prezioen indizea indarrean da

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 1a, 14:12

Astearte honetako, irailaren 30eko Estatuko Aldizkari Ofizialak onartu ostean, gaurtik, urriaren 1etik aurrera indarrean da etxebizitzen alokairu prezioen indizea. Estatu mailako erreferentziazko sistema hau hartuko da kontuan, eremu tentsionatuan diren udalerrietan. Gogoan izan, Usurbili irailaren 12an aitortu zion Eusko Jaurlaritzak izendapen hau.

Usurbil bizitegi-merkatu tentsionatuko eremuan dugu irailaren 12az geroztik, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak gaurko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez nahiz Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez jakinarazi bezalaxe.

Modu horretan, martxoa amaieran Usurbilgo Udalak eginiko eskaerari baiezkoa eman zion Jaurlaritzak. Halere, Estatuko Aldizkari Ofizialak urrian zehar eremu tentsionatuko udalerrien zerrenda eguneratua argitaratzean sartuko da indarrean Jaurlaritzaren irailaren 12ko izendapena. Gogoan izan, eremutentsionatua.euskadi.eus  atarian ikus dezakezue Usurbil eta herri hau eremu tentsionatu gisa izendatzeko Udalak landu behar izan duen hurrengo hiru urteotarako ekintza plana. Xehetasun gehiago ere bai.

Hiru urteko iraupena izango du eremu tentsionatuaren izendapenak. Tarte horretan, "alokairuaren merkatua erregulatzeko mekanismoak" aktibatuko dira. Ondorioz, "kontratu berrien prezioa mugatu egingo da, aurreko kontratuarena baino handiagoa izan ez dadin, eta, azken bost urteetan alokatu ez diren etxebizitzen kasuan, erreferentzia-indizea aplikatuko da", iraila amaieran plazaratzea aurreikusia zutena.

Horixe da hain zuzen, lerrootara dakarkizuegun nobedadea. Astearte honetan, irailaren 30ean, Estatuko Aldizkari Ofizialak argitara eman du etxebizitzen alokairu prezioen estatu mailako erreferentziazko indizea.

Espainiako Gobernuko Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioak kaleraturiko ondoko esteka honetan sartzen bazarete, Usurbilgo erreferentziazko alokairu prezioen berri jaso dezakezue. Hemen, lotura: https://www.mivau.gob.es/vivienda/alquila-bien-es-tu-derecho/serpavi

Udalerriko datuak eremuka
Aipatu ministeriorik berri eman dutenez, web orrialde horren bidez, eremuka azter daitezke mapa horretan bildutako datuak; norbere etxebizitzaren helbidea sartuta egin daiteke kontsulta, auzoka, edo herrika, herrialde edo autonomia erkidego mailako kontsultak ere egin daitezke. "Alokairu merkatuan gardentasuna bermatzeko helburuz" etxebizitzen alokairu prezioen estatu mailako erreferentzia sistemak ohiko etxebizitzen arrendamendu datuetatik ondorioztatutako emaitzen berri ematen da. Web aplikazio berriaren bidez, "etxebizitzak alokatzeko erreferentzia baloreen tartea" ezagutu daiteke.

Usurbil lau eremu handitan banatua ageri da mapa horretan; batetik, Aginaga, edota Urdaiaga aldea ditugu. Bestetik, Usurbil erdigunea, bitan zatitua; batetik, Atxegalde eta San Inazio ingurua dago eta, bestalde, Txaramunto, Etxealdia, erdigune osoa, Artzabal edota Galtzaragaina eremuak. Azkenik, Munalurra, Kalezar eta Usurbil aldeko Zubieta inguruak ditugu.

Adibide moduan, web orrialdean kontsulta daitezkeen eremukako zenbait datu:
-Aginaga, Urdaiaga aldea: bataz besteko alokairu prezioa 599 eurokoa da (bataz besteko azalera, 55 metro karratukoa). Erreferentzia gisa, 53 etxebizitza daude alokatuak.
-Atxegalde ingurua: bataz besteko alokairu prezioa 795 eurokoa da (bataz besteko azalera, 85 metro karratukoa). Erreferentzia gisa, 38 etxebizitza daude alokatuak.
-Usurbil erdigunea (Txaramunto, Etxealdia, kaxkoa, Artzabal, Galtzaragaina...): bataz besteko alokairu prezioa 753 eurokoa da. (bataz besteko azalera, 70 metro karratukoa). Erreferentzia gisa, 121 etxebizitza daude alokatuak.
-Munalurra, Kalezar eta Usurbil aldeko Zubieta inguruak: bataz besteko alokairu prezioa 694 eurokoa da (bataz besteko azalera 71 metro karratukoa). Erreferentzia gisa, 52 etxebizitza daude alokatuak.

Horrez gain, hileroko soldata datua txertatuta, eremuka kalkulatzen du web orrialde berriak ehuneko zenbat bideratu behar litzatekeen alokairua ordaintzera, bataz besteko kopuru horiek aintzakotzat hartuta.

Informazio gehiago, https://www.mivau.gob.es/vivienda/alquila-bien-es-tu-derecho/serpavi atarian jaso dezakezue.