Zenbait aurrerapen kantu eta bideoklip plazaratu zituzten lehenbizi iragan udazkenean zehar. Urtarrila amaieran plazaratu zuten lehen diskoa. Otsailaren 22an eskaini zuten estreinako kontzertua Aginagako Eliza Zaharrean. Orain, ordura arte eginiko ibilbidea ikusgai jartzea erabaki du Izan Bai musika talde berriak.
"Dena Galdu Baino Lehen" izeneko lehen diskoaren sorkuntza prozesua iruditan bildu eta dokumental moduan, ibilbide hori nolakoa izan zen erakusgai jarri du. Ia ordu-erdiko ikus-entzunezkoa taldeak Youtuben duen kanalean ikusi eta entzun dezakezue; nagusiki, grabazio estudio barruko bizitza, sorkuntza prozesuaren emaitzan ezkutuan geratzen dena sarritan.
"Zumaiko Ozen estudioan grabatu zuten lana, Jurgi Taboadaren gidaritzapean. Azalaren diseinua, berriz, Kuku Maitiak egin du". Bederatzi abestiko lana da "Dena Galdu Baino Lehen" diska eta haren egilea honako talde hau: Ixak Arruti (abeslaria eta gitarra), Martin Larrañaga (bateria), Ibon Aginaga (gitarra) eta Urtzi Olaziregi (baxua).