Hiru orduko lanuzte orokorra deitu dute LAB, CCOO, UGT, ESK, STEILAS, CGT, Etxalde eta HIRU sindikatuek Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, datorren urriaren 15ean, "genozidioarekin negoziorik ez. Langileok Palestinarekin!" aldarripean. "Azken bi urteetan ikusi dugun bezala, guk ordezkatzen dugun sindikalismoak eta gehiengo sozial zabal batek Gazan genozidioa amaitzeko eskatzen dute, eta Palestinak estatu aske izateko eskubidea izatea. Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako Estatuko instituzioei eskatzen diegu genozidioarekin harreman oro eteteko, eta euren esku dituzten tresna guztiak baliatzeko su-eten bat lortzeko. Baita, Palestinaren autodeterminazio-eskubidea eta bere lurraldearen okupazioaren amaiera erdigunean jarriko dituen konponbide integrala lortzeko ere", sindikatuon esanetan.
Horrez gain, "Israelekin harreman komertzialak dituzten enpresei eta patronalari, oro har, hausnarketa etikoa egin dezaten eskatzen diegu, eta ez dezatela inolako jarduera komertzialik garatu Palestinan genozidioarekin konplize diren edo nazioarteko legedia urratzen duten enpresa edo erakundeekin".
Hiru txanda
Lanuzteok bideratzeko hiru txanda finkatu dira hurrengo asteazkenerako; 03:00etatik 06:00etara, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Goizeko txandaren baitan, 11:00-14:00 artean, manifestazioak antolatu dituzte hiriburuetan; Gipuzkoakoa, Donostian. Eguerdiko 12:30etan abiatuko da Bulebarretik.
Lanuzte eta mobilizazio hauen bidez, "langile klase osoaren elkartasuna" adieraziko zaio palestinar herriari. AEBetako Gobernuaren babesarekin, Israel egiten ari den genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak edota Zisjordanian Palestinako lurraldearen etengabeko kolonizazioa eta horrek "langile palestinarren lan- eta bizi-baldintzetan dituen ondorio larriak" salatzeko ere baliatuko dira deialdiok.
Eskari gehiago ere plazaratu nahi dira lanuzteon bidez. Batetik, "Gazako genozidioaren berehalako amaiera eskatzeko eta okupazioa eta kolonizazioa amaituko dituen eta Palestinako herriak askatasunean bizitzeko eskubidea bermatuko duen konponbide integrala" exijituko da. Bestetik, "patronalari eta instituzioei, bertakoei zein nazioartekoei, Israelekin harreman komertzial oro" etetea eskatuko zaie. "Ezin da genozidio baten kontura negozioa egiten jarraitu", gogorarazi dute.
"Europar Batasuna-Israel Elkartze Hitzarmena osorik" etetea ere eskatuko da.