Urtarrilaren 25ean

Datorren Irisasi BTT Hotzak Akabatzen probarako izen-ematea zabaldu dute

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 2a, 16:17

Ostegun goiz honetan, 10:00etan ireki berri dute, datorren urtarrilaren 25ean egingo den Irisasi BTT Hotzak Akabatzen probarako izen-ematea.

Denbora bada, baina aurreko edizioek izandako harrera ikusita, azken unera arte ez itxarotea komenigarria izan daiteke. Antolatzaileek ere hala egitearen garrantziaz ohartarazi dute. Irisasi BTT Hotzak Akabatzen probari buruz ari gara. Urtero moduan, 2026ko edizioa ere urtarrileko azken iganderako antolatu dute; urtarrilaren 25erako hain zuzen. Goizeko 9:00etan abiatuko da frontoitik. "Gurekin egun eder bat pasa eta bizikletaz eta Andatzaz gozatu nahi baduzu, aukera zoragarria duzu!", egin dute gonbita.

Hitzordurako oraindik ia lau hilabete falta diren arren, ostegun goiz honetan, urriaren 2an ireki dute izena emateko epealdia. Aurreko edizioen antzera, kronoak.com atarian bideratu beharko dira inskripzioak. Urtarrilaren 23ra arte izango da tramitazio hau egiteko tartea, 28 euroren truke. Proba egunean ezingo da izena eman.

Antolatzaileek ohartarazi dutenez, urtero heltzen dira gehienezko 500 izen-emateetara. Ondorioz, "ez itxaron azken unera arte", galdegin diete parte hartzeko gogoz direnei. Badaezpada, itxarote-zerrenda bat egokituko dute, azken orduan, izena emandakoren batek uko egiten badio parte hartzeari.

Maillota opari
Adi, izena ematen duten lehenengo 400 lehiakideek maillot bat jasoko dute opari gisa. Neurria aukeratzeko abenduaren 11ra arteko (iluntzeko 20:00ak arteko) epealdia finkatu dute antolatzaileek. Egun horretatik aurrera izena emandakoek maillotaren neurria dortsala jasoko duten egun berean hautatu ahalko dute, egun horretan geratzen diren mailloten artean hautatu beharko dute.

Urtero moduan, antolatzaileek gogorarazi dutenez, Irisasi BTT Hotzak Akabatzen ez da ekimen lehiakorra, lagunartekoa baizik. Ohi bezala, bi ibilbide izango dituzte aukeran parte hartzaileek; bat luzeagoa, teknikoagoa eta, bestea, motzagoa. Ibilbidean zehar, hornidura zerbitzua eskainiko da baita helmugan ere, frontoian. Pilotalekuan bertan, parte hartzaileen artean zozketak egingo dituzte. Zozketetan sariren bat egokituko zaien parte hartzaileen dortsal zenbakiak frontoian bertan jarriko dituzte.

Bizikleta elektronikoarekin parte hartu ahalko dela ohartarazi dute. Adin txikikoak ere irten ahalko dira, beti ere heldu baten laguntzarekin. Helduak baimena emateko agiria sinatu beharko du eta horren bidez, une oro, proba adin txikikoarekin batera egingo duela hitz eman. Adin txikikoen izen-ematea doakoa izango da. Datuak helbide honetara bidali ahalko dira: irisisasibtt@gmail.com.