Aizpurua Autobusak enpresak ordezkatzen duen komunitatearentzako egun garrantzitsua asteazken honetan bizi izandakoa. 1967. urteaz geroztik familia batek, auzolanean eginiko ahalegin nekaezinari merezitako aitortza. Belaunaldiartekotasuna irudikatu du eta etorkizuneko erronkei heltzeko gogoa.
Zubietako Araeta sagardotegi atariko aparkalekua autobusena izan da asteazken honetan; Usurbilen ezagunak ditugun Aizpurua etxekoena. Bazuten zer aurkeztua eta zer esana. Izan ere, aipatu Osinalde industrialdean kokaturiko enpresak erosi berri dituen "Irizar i6 Efficient" autobusak aurkeztu zituzten, bost guztira.
Aurreskuak ekindako musikaz giroturiko hitzorduan zehar, "berritasuna, jasangarritasuna eta teknologia" edota artea mugimenduan irudikatzen duten autobus berriak ezagutarazi zituzten; ekitaldiko aurkezleak zioen moduan, "Aizpurua Autobusen iragana, oraina eta etorkizuna irudikatzen duen obra polit bat".
Ekitaldia hiru ardatzen bueltan bideratu zuten; berrikuntzaren, artearen eta Aizpurua familiaren ondarearen jira-biran hain zuzen. Izan ere, ondare hori "familiatik, lantaldetik, langileengandik, bezeroengandik, hornitzaileengandik... elikatzen da".
"Ibilgailu efizienteenak dira"
Hitza harturikoen artean zen Aizpurua Autobusen aliatu aitzindari den Irizar Taldeko zuzendari Imanol Rego. Gogora ekarri zuen, mende erdia baino gehiago igaro dela Irizar eta Aizpuruaren arteko hartuemanen abiapuntutik. 70. hamarkada erdialdeko Urepel ekarri zuen gogora Regok, Aizpurua Autobusak lantegiko lehen ibilgailuaren eredua. "50 urte geroago, ibilgailu berriekin, Irizar Efficient-ekin jarraitzen du gure konfiantzazko erlazioak. Eskerrik asko Aizpurua, konfiantzazko hartueman luze horregatik".
Ekitaldian zehar, kanpotik nahiz barrutik ezagutzeko aukera eskainitako autobus berrien berezitasunak nabarmendu zituen Regok. Eredu horretako 2.400etik gora ibilgailu dituztela zehaztu zuen.
Aizpurua Autobusak-en bidez eginiko apustuaren garrantzia goraipatu zuen, asmamenarena, Irizarren baloreak diren erosotasuna, segurtasuna eta efizientzia transmititzeko. Ekitaldian aurkezturikoak, Irizar Taldeko zuzendariaren esanetan, orain arteko "ibilgailu efizienteenak dira, %30ean hobetu dute koefiziente aerodinamikoa".
Gaineratu zuenez, "ezagunak ziren adarrak (atzerako ispiluak) galdu ditugu, bi helbururekin; aerodinamika hobetzen jarraitzeko (%30ean hobetu dena). Bestalde, segurtasunaren ikuspuntutik kameren optika hobetzea ahalbidetzen du, baldintza klimatiko zailetan. Beraz, bi funtzio ditu". Pisua ere nabarmen murrizten laguntzen du.
Nabarmendu zuen, Aizpurua Autobusak lantegiak "erosotasun handiagoko, diseinu hobeagoko eta jasangarriagoak" diren ibilgailuak eskaintzen segitzea duela helburutzat. Ildo horretan, pozarren eta esker oneko agertu zen Rego, "Aizpuruak, beste behin, gugan konfiatzeagatik".
"Mugitzen zaituen bihotza"
Berritasunaz, efizientziaz, erosotasunaz eta segurtasunaz gain, arteari ere lekua egin diote autobus berriotan. Izan ere, "Aizpurua Autobusak enpresan artea eta kultura eraldaketarako erreminta gisa ikusten ditugu".
Testuinguru horretan aurkeztu zituzten autobus berrien mamiaz gain, itxura; "mugitzen zaituen bihotza" sormen lana, ekitaldian bertan izan eta bere burua "Mike Belindo" gisa aurkezten duen David López Amézqueta margolari nafarrarena. Aurrerantzean, autobus berriaren bidez, bere obra, artea askotariko txoko eta jendarte zabalera garraiatuko da.
Ekitaldiko aurkezleak nabarmendu moduan, artelanak "istorioak, ametsak eta emozioak" irudikatzen ditu, autobusetako joan-etorri bakoitzeko bidelagunak direnak. Egileari buruz zioen, "argiaren, pozaren eta kolorearen margolaria da, bere estilo naif eta kostunbristarekin gai da islatzeko fideltasunez bere errealitatea eta ingurukoena".
"Sei anai-arreba, bakoitza bihotz bat da"
Artelanaren egileak berak ere hitza hartu zuen aurkezpen ekitaldian bertan. Gogora ekarri eta Aizpurua sendiari aitortu nahi izan zionez, "Aizpurua 60 urtez egiten ari dena, ez da soilik bidaiatzea, motorrak, autobusak eta zerbitzuak. Esperientziak dira, bihotzak, emozioak". Hamarkadotako bidaiak, bidaiariak eta joan-etorrietako bizipenak goraipatu zituen. Horixe da hain zuzen berarentzat, "mugitzen zaituen bihotza".
Bere esanetan, Aizpuruatarrak; "sei anai-arreba, bakoitza bihotz bat da. Egun, lantegiko buru Aintzane. Hori da Aizpurua. Sei anai-arreba haien aita Antonio oso harro egongo zen berak hasitako ibilbideaz. Horren isla da", sortzaile nafarraren lana.
Autobusean islaturikoa, Mike Belindoren esanetan, tamaina txikiagokoak sortzera ohituta egonik, honako hau "mihise erraldoi bat da". Gustukoa izatea desio izan zuen. Berarentzat, sormen lan hau bideratzea "ohore handia" izan da, "oso eskertua nago Juan Miguel, Joxean, Angel, Edurne, Euxebio eta Ana Isabel, eman didazuen aukeragatik eta sei hilabeteotan lanean aritu diren guztiei. Gora Aizpurua!".
"Denok konplize behar zaituztegu"
Ekitaldia bera, autobus berrien aurkezpenaz haratago, Aizpurua familiak eginiko lanaren merezitako aitortzaren islada ere izan zen. "Aizpurua Autobusak 1967an sortu zen. Ordutik, belaunaldien arteko proiektu partekatua izan da, ahaleginez, konpromisoz eta pasioz betetako bidaia da. Familiak ez-ezik enpresako taldeak, langileek eta, jakina, gure bezeroek ere funtsezko zeregina izan dute. Iraganari harrotasunez, orainari esker onez eta etorkizunari ilusioz begiratzeko unea da", ekitaldiko aurkezleak aipatu moduan.
Aizpurua Autobusak lantegiko egungo zuzendari eta bertan lanean diharduen familiako hirugarren belaunaldiko kide Aintzane Aizpuruak hartu zuen hitza segidan.
Nagusiki, bere arbasoei, aurrean zituen senideei merezitako tartea, aitortza, eskertza helarazi zien. "Aiton-amonak hasi ziren; aitona gidatzen, amona ezkutuko lanetan. Sei senide, zazpigarrena falta. Bakoitza sartu zen enpresan ondoena zekiena egiten". Laburbilduz, "bigarren belaunaldi mundiala izan dut, a ze maisu-maistrak, isilpean aritu direnak. Eskerrik asko bihotz-bihotzez!".
Egun 35 langile ditu Aizpurua Autobusak lantegiak. Berrikuntzei heltzeko prest, enpresako zuzendariaren esanetan, "zuek denok bezero izanik, zuen eskakizunei" erantzuteko prest. Argi adierazi zuenez, "zuek zarete garrantzitsuenak. Denok konplize behar zaituztegu, ze hitzez hitz, kilometroz kilometro, etorkizuna berreraikitzea gure esku dago".
Amaieran ateratako familia argazkia jendetsuarekin bukatu zuten ekitaldi berezia.