Sagar barietateen ezagutzari ekarpenak egiteko aukera, Alkartasunaren erakusketan

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 2a, 14:17

Egunotan, Alkartasuna kooperatiban (urriko bigarren hamabostaldian Sutegin) ikusgai duzue sagardotarako baliatzen diren sagarren erakusketa.

"Sagar hau zein barietatekoa den ba al dakizu?", hortxe Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren Kooperatibak proposaturiko jolasa. Egunotan, bere Atalluko dendan sagardotarako baliaturiko sagarrak ikusgai jarri ditu; Txalaka, Saltxipi, Errezila, Manttoni, Mozolua, Berde Garratza, Goikoetxe, Moko... "Sagardotarako erabiltzen ditugun 115 barietateren arteko aukeraketa" izango duzue ikusgai.

Bada bat, ordea, izenik ez duena eta horretara animatzen ditu aditu eta arituak, barietatea zehaztera. Ez hori soilik. Etxean sagardotarako sagarra baliatzen duenak erakusketara ekartzeko deia egin dute antolatzaileek, barietatea identifikatua izan edo ez. Hartara, bilduma hau osatzen joan, eta izenik gabeko barietateak denen artean zehazten joateko ahalegina bultzatu nahi dute.

Laburbilduz, sagardoaren kulturan sakontzeko gonbita da honakoa. Gonbita bikoitza hain zuzen; erakusketa ikustekoa, nahiz sagardotarako sagarrak ekarri edota identifikatu gabekoei barietatea zehazten ahalegintzekoa. "Eraman kooperatibara etxean dituzun sagar klaseak, Usurbilgo bilduma osatzeko".

Bildutako sagar barietateen bilduma egunotan Atalluko Alkartasuna kooperatiban duzue ikusgai. Datorren urriaren 13tik aurrera, Sutegiko erakustaretora lekuz aldatuko dute erakusketa.