2021ean bideratu zuten prozesu hau berrituko du berriz Usurbilgo Udalak. Lau urtero egin behar izaten duten moduan, bake epaile titularra eta haren ordezkoa hautatzeko garaia heldu da. Lehenengo eta azken hitza udalbatzak izango du.
Deialdi hau martxan iragan irailaren 25ean jarri zuten. Egun horretan eginiko udalbatzaren osoko bilkuran onartu zuten bake epaile titularra eta haren ordezkoa onartzeko deialdia. Erabaki haren berri dakar, ostiral honetako, urriaren 3ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak (GAO).
Argitalpen horretan dituzue xehetasun gehiago hain zuzen. Bihartik aurrera, hilabeteko epealdia izango dute interesdunek deialdi honetara aurkezteko. “Interesdunek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, non adieraziko duten deialdi honetan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela, eta legeak xedatutako ezgaitasun eta bateraezintasunik ez dutela. Halaber, interesdunek hautaketa prozesuari begira egoki iritzitako merituak aurkeztu beharko dituzte, eta baita curriculum vitaea ere. Baloratu ahal izango diren merituak dira bizilekua, curriculuma eta euskararen ezagutza”.
Hautagaitzak aurkezteko epealdia igarota, eskaera horien artean hautatu beharko ditu udalbatzak bake epaile titularra eta haren ordezkoa, "betiere ezarritako legezko betebeharrak betetzen badituzte. Eskaerarik ez badago, Udalbaltzak askatasunez aukeratuko ditu bake epaile titularra eta ordezkoa, prozeduraren baldintza berberen arabera, eta erabakiaren berri emango dio eskumena duen Jurisdikzio Organoari".
Gaurko GAO-k dakartza, bake epaile izateko betebeharrei buruzko nondik norakoak, besteak beste.