Udalbatzaren osoko bilkura

Berdeguneen zaintza hobetzeko eskaera

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 3a, 07:07

Gaia mozio bidez aurkeztu zuen EAJ-k irailaren 25eko udalbatzaren osoko bilkuran. PSE-ren udal ordezkariak aldeko botoa eman zuen, EHBilduren udal ordezkariak abstenitu ziren.

 Mozioak “gobernu-taldeari eskatzen dio berrikusi eta eguneratu ditzala parke, berdegune, bidezidor eta oinezkoentzako pasealekuetako lorezaintza, inausketa eta mantentze zerbitzuaren baldintzak, dela baliabide propioekin, dela kanpora ateratako zerbitzuen bidez, honako hauek gehituz: lanetan maiztasun handiagoa, udalerriko eremu periferikoetan intentsitate handiagoa eta plangintza, kontrol eta jarraipen lanen hobekuntza”. Horrekin batera, udalbatzari eskatzen dio onar dezala hurrengo urteko udal aurrekontuetan, zereginoi aurre egiteko diru partida eta “konpromiso hori urte anitzekoa izan dadila”.

EAJ-ren esanetan, egun, alor horretan egiten diren lanek ez diete “erantzun egokia ematen Usurbilgo benetako beharrei, ezta herritarren eskakizunei ere. Desoreka handiak izan dira herriko erdigunearen eta auzoen artean, bai eta landa-eremuetan ere”. Ondorioz, “belarrak eta sasiek gehiegizko tamaina hartu dute, mugikortasuna eta oinezkoen pasabidea zailduz, hiri-altzarien erabilera oztopatuz eta espazio jakin batzuetan osasungarritasun-arazoak sortuz (zikinkeria, intsektu edo bestelako animalien agerpena)”. Horien guztien zainketa egokia, “funtsezkoa da gure udalerriko bizi-kalitatea, segurtasuna eta osasungarritasuna bermatzeko”.

Batzordeetarako deia
Mozioko edukiaren berri emanda, adierazpenen txanda heldu zen. Harridura agertu zuten EHBildutik. “Gai hauek lantzeko lantaldeak, batzordeak daude, gure bulegoak eskuragarri”. Lurralde batzordean aurrez adierazitakoa gogorarazi zuen Ainhoa Arrozpide zinegotziak; kudeaketa txostenean halakorik adierazten duen “aldagai berezirik” ez dagoela. Esperotako makinaria aurreikusi baino beranduago heldu dela, eta horrek bere eragina zizango zuela baina “egoera larrira iritsi garen” zantzurik ez dutela udal gobernu taldean. Arrozpidek azaldu zuenez, 30-40 egunean behin mozten dute belarra, 20-30 egunean behin maiatza-iraila artean. “Aldaketa klimatikoaren eraginez, neguko geraketa hori geroz eta murritzagoa da leku guztietan”. Belarra azkarrago hazten da.

Udal langileekin zerbitzuaz hausnarketa prozesu betean dira. Brigadarekin zerbitzua hobetzeko pausoak ematen ari direla berri eman zuen. Bestalde, udal aurrekontuak lantzeko garaia da orain. “Aztertu beharko dira beharrak. Abiatzear gauden lanketa bat orain baldintzatzea ez zaigu egokia iruditzen”, udal gobernu taldearen esanetan. Mozioaren berri emateko NOAUA!ra igorritako belarrak inguratutako eserlekuaz galdetu zioten EAJ-ri. Udal gobernu taldeak bildutako datuen arabera, Donostiako Udalari dagokio argazkiko eremua zaintzea, hiriburu aldeko Zubietan baitago.

PSE-ren bozeramaile Petri Romerok EAJ-ren mozioa babestu zuen, “zerbitzu oro berraztertu eta hobetu daitekeelako”. Udal aurrekontuak lantzeko garai hau aukera ontzat jo zuen, “zerbitzu horren partida handitu behar den edo ez aztertzeko”.

“Usurbil osoan”
EAJ-tik Iban Iriondok hartu zuen hitza. Herritarrengandik jasotako kexak tarteko “gardentasun osoz” aurkeztu zutela mozioa ziurtatu zuen. Argazkia Donostia aldeko Zubietakoa balitz ere, “Usurbil osoan izan da arazoa uda honetan. Uste dugu, beste maiztasun edo modu batekin artatu beharko direla arazo hauek”. Gaineratu zuenez baita, “gure betebeharra da oposizio eraikitzailea egin eta ditugun tresnen bidez gaiak hona ekartzea”.

Eraginkorragoa litzateke EHBildutik erantzun ziotenez, herritarren kexak erregistro bidez aurkeztea eta mozioa udalbatza aretora ekarri aurretik, udal teknikariengana nahiz udal gobernu taldearengana jotzea. Udal batzordeetan gai hau lantzera gonbidatu zuen EAJ udal gobernu taldeak. “Mozioak aurkeztu eta hedabideetara helarazteak beste asmo bat du. Zoritxarrez, 2027ko udal hauteskundeak bitarte, hala ibiliko garela uste dut”, adierazi zuen Arrozpidek. Oposizio gisa dagokien lana berretsi zuten EAJ-tik.