Udalak Munalurrako ikasgela behin-behinean itxi eta biltzeko deia egin du

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 7a, 07:29

Berriz ere kalteak izan dira Munalurran duen ikasgelan. Ondorioz, Usurbilgo Udalak behin-behinean ixtea erabaki eta erabiltzaileekin bilera deitu du asteazken honetarako, urriaren 8rako.

 

Usurbilgo Udalaren bidez, halako irudiak heltzen zaizkigun hirugarren aldia da. Kaltetu egin dute berriz, Munalurran kokaturiko ikasgela. Duela urtebete, 2024ko urriaren 15ean iraunkorki zabaltzea erabaki zuen Usurbilgo Udalak DYAk Munalurran duen ekipamenduko hamasei lagunentzako ikasgela. Ordura arte, urtean garai jakinetan irekitzen zuten.

2025a hasi zenetik hirugarren aldiz kaltetu dute instalakuntza hori. Antza, kalteak atzo bertan izan ziren, astelehen arratsaldean, Usurbilgo Udaletik jakinarazi dutenez. Ondorioz, astearte goiz honetan bertan, "lokala behin-behinean itxi da, eta bestelako neurriak ere hartzekoa da. Neurri horiek erabiltzaileekin baloratuko dira, biharko deitutako bileran: bihar, asteazkena, izango da, 19:00etan, ikasgelan bertan".

"Halako gertaerek ez dute lekurik Usurbilen"
Gogoan izan, aipatu moduan, urte hasieran izandako kalteen harira, "baloratu zen giltza sistema jartzeko aukera, eta udalak lanketa horri ekin bazion ere, erabiltzaileengan konfiantza izan eta bigarren aukera bat ematea lehenetsi zen, ordura arteko funtzionamenduari eutsiz: alegia, sarbidea librea izatea, inolako baldintzarik gabe".

Kalteak berriz izan direla ikusita, bestelako neurriak hartu eta horiek erabiltzaileekin baloratzeko bilera egingo da asteazken honetan, urriaren 8an. "Kalteak berriz sortu direla ikusita, Udalak gogorarazi nahi du halako gertaerek ez dutela lekurik Usurbilen: udal-ekipamenduak egoki eta errespetuz erabiltzeko eskatzen da, herritar guztien onurarako baliabide publikoak diren heinean".

Iraunkorki zabalik
Aipatu moduan, urriaren 15ean urtea beteko du, herritarrek Udalari helarazitako eskaeren harira, ikasgela hau iraunkorki, astelehenetik igandera, urte osoan, 8:00-22:00 artean irekitzen hasi zirenetik. "Ikasteko leku egoki baten beharraz ohartarazita, udalak Munalurran duen udal-ekipamendua egokitu zuen 2024an, hasieran azterketa garaietarako, eta, azkenik, modu iraunkorrean. Hilabete luzetan ez zen arazorik izan, baina urte hasieran kalte materialak izan ziren, hango ate, pareta eta bestelako baliabideetan".