Akabo, bukatutzat eman ditu Usurbilgo Udalak udaberrian iragarri eta hasitako auzo-konpostaguneak berritzeko lanak. Udalerri honetako erdigunean dauden mota honetako hamaika instalakuntzetatik sei eraberritu dituzte guztira, "Alperroburukoa, Beko kalekoa, Errekaldekoa, Errekatxikikoa, Ugartekoa eta Munalurrakoa", Udaletik zehaztu dutenez.
Berrikuntza hauek, gune horiek irisgarriagoak eta erosoagoak izateko egin dituzte. "Azken urteetan jarri diren instalazioak modulu bidezkoak izan dira, Ugartondokoa eta Kalezarkoa, kasu, eta halakoak dira instalatu diren auzo-konpostagune berriak ere". Guztira, 17.800 euro inbertitu dituzte lan hauetan, hondakinen kudeaketa egokia sustatzeko azpiegitura eta baliabideak berritzeko Udalak duen etengabeko lan-ildoaren baitan.
Instalakuntzon harira, beste berrikuntza baten berri ere jakinarazi dute. "Guneotan sortzen den konpostarekin aldaketa bat izango da. Lehen, aztertu eta bertan uzten zen. Hemendik aurrera, aztertu, bahetu, eta herritarrek erabiltzen ez badute, udalak erabiliko du".
Gogoan izan, auzo eta auto-konposta egiteko eskaera urte osoan egin daiteke, bideotatik:
Udaletxean bertan
900 776 776 doako telefono zenbakian
606 501 024 whatsapp zenbakian