Urriaren 15a, Palestinarekin bat egiteko eguna izango da Hego Euskal Herrian. Izan ere, hiru orduko lanuzteak deitu zituzten berriki. Orain, hezkuntza sisteman egun osoko lanuzte orokorra deitu dute lehenbizi LAB eta STEILAS sindikatuek; ELAk ere bai Galizako CIG eta Kataluniako Intersindikalarekin batera.
"Hasiera-hasieratik Israelek Palestinako Herriaren aurka egindako eraso basatia salatu du hezkuntza komunitateak, eta horren aurrean hainbatetan mobilizatu da. Gaur egun gertatzen ari dena genozidio bat dela ez du inork zalantzan jartzen, Israelgo Estatuak berak edo hura sostengatzen duten gobernu eta interes ekonomikoek salbu", LAB sindikatuaren esanetan.
Ordutegiak
Gainerakoan, aipatu moduan, LAB, CCOO, UGT, ESK, STEILAS, CGT, Etxalde eta HIRU sindikatuek zenbait orduetako lanuzteak deitu dituzte, baina ordutegietan aldaketak izan dira eta aurreikusitakoak baino mobilizazio gehiago izango dira. Segidan dituzue xehetasunak. Izan ere, hiru lanuzte deitu dituzte ordu tarte ezberdinetan aipatu sindikatuek. Arratsalde eta iluntze partekoan, gainera, Gernika-Palestina Herri Ekimenak elkarretaratze burrunbatsuak deitu ditu udaletxeetan. Bilgune honek bat egin du sindikatuek egun horretarako eginiko deialdiekin.
Urriak 15, asteazkena
03:00-06:00 / 19:00-22:00 Lanuzteak txandaka lan egiten dutenen kasuan.
11:00-14:00 (15:00ak arte goizeko lanaldiaren aritzen direnek) Lanuzte nagusia.
11:00 Mobilizazioak lantokietan.
12:30 Manifestazioak hiriburuetan. Donostiakoa, Bulebarretik abiatuko da.
19:30 Gernika-Palestina ekimenak deitutako burrunbak udaletxe atarietan. Sindikatuek bat egingo dute mobilizazio horiekin, haien hirugarren lanuztearen baitan egingo da eta.
Genozidioaren amaiera eta elkartasuna
Lanuzte eta mobilizazio hauen bidez, "langile klase osoaren elkartasuna" adieraziko zaio palestinar herriari. AEBetako Gobernuaren babesarekin, Israel egiten ari den genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak edota Zisjordanian Palestinako lurraldearen etengabeko kolonizazioa eta horrek "langile palestinarren lan- eta bizi-baldintzetan dituen ondorio larriak" salatzeko ere baliatuko dira deialdiok.
Eskari gehiago ere plazaratu nahi dira lanuzteon bidez. Batetik, "Gazako genozidioaren berehalako amaiera eskatzeko eta okupazioa eta kolonizazioa amaituko dituen eta Palestinako herriak askatasunean bizitzeko eskubidea bermatuko duen konponbide integrala" exijituko da. Bestetik, "patronalari eta instituzioei, bertakoei zein nazioartekoei, Israelekin harreman komertzial oro" etetea eskatuko zaie. "Ezin da genozidio baten kontura negozioa egiten jarraitu", gogorarazi dute.
"Europar Batasuna-Israel Elkartze Hitzarmena osorik" etetea ere eskatuko da.