Irizpide orokor gisa, datorren urtean, "zerga, tasa eta prezio publikoak KPIaren arabera igotzea, hau da %3 igotzea" proposatu du EHBilduren udal gobernu taldeak asteazken honetan, urriaren 8an eginiko osoko bilkuran. Hurrengo urteko zerga, tasa eta prezio publikoak arautuko dituen udal ordenantza hori gehiengo osoz onartu du udalbatzak, EAJ-ren aldeko botoekin, PSE abstenitu da. Saioa osorik zuzenean eskaini du Usurbilgo Udalak Youtubeko @usurbiludala4589 kanalean.
Araudi horren bidez, "helburua bada, diru-sarrera horien bidez herritarrei ahalik eta zerbitzu publiko onena eskaintzea, herritarren beharrak eta udalaren diru-sarreren arteko finantza oreka bermatuz". Horrekin batera, bitarteko gisa ikusten du ordenantza hori udal gobernu taldeak, "Usurbilerako dauzkagun helburuak lortzeko; Usurbil berdinzaleagoa, bizigarriagoa eta jasangarrigoa eraikitzen jarraitzeko" hain zuzen.
Irailean hasten dira lantzen ordenantza fiskalok. Honenbestez, aurreko hilabeteko EAE-ko KPIa-ren zenbatekoa hartzen dute erreferentzia gisa urtero. Uztailekoa hartu dute kontuan, lantzen hasi zirenean abuztukoa argitaratzeke zegoelako, udal gobernu taldetik argitu dutenez.
2026ko Usurbilgo zerga, tasa eta prezio publikoen igoera orokorra %3koa izango bada ere, aurreko urteen antzera, zenbait salbuespen izango dira. Lerrootan dituzue xehetasunak.
TASAK
Ura
Legealdi hasieran, gainerako udalerrietan egin bezalaxe, arazketagatik tasa kobratzen hasi zen Udala. Legealdi Planean progresiboki hiru urtez %20ko igoera aplikatzea jaso zuten. 2026an azkeneko %20ko igoera aplikatuko dute. Estolderiaren %75eko tasa batuta, %135ekoa litzateke igoera orotara. Halere, udal gobernu taldetik jakinarazi dutenez, urari lotutako tasak "inguruko herrietako baxuena izaten segitzen du".
Hondakinak
%15eko igoera proposatu du udal gobernu taldeak 2026. urterako, "7/2022 Hondakinen legearen baitan jasotako zerbitzuaren defizit zero printzipioaren bidean" eta Usurbil 0.0 plangintzak jasoa duen moduan. Baina helburu hori erdiesteko ez da aski, udal gobernu taldetik asteazkeneko osoko bilkuran azaldu moduan. Gastuen kontentzio ariketa eginda ere ez gaurkoz.
"Udalei kobratzen zaizkien tarifak" bide hori jorratzeko gakoen artean kokatu ditu EHBilduk. Izan ere, gogorarazi duenez, eremu honetan Gipuzkoako fiskalitatea bestelakoa balitz, "diru-sarrera handiagoa" izango luke Usurbilek eta, ondorioz, udalerri hau zero defizit horretara are gehiago hurbilduko luke.
Udalak berak eginiko estimazioen arabera, 200.000 euroko galera izatea aurreikusten du aurten alor honetan. Udal gobernu taldetik azaldu dutenez, nabarmen murriztuko litzateke kopuru hori, jokabide onak saritu eta desegokiak zamatzea ardatz izango lukeen fiskalitatea sustatuko balitz.
Ildo horretan, udalerri honi %20ko hobaria aplikatzen zaio Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren aldetik, baina "uste dugu %45era artekoa jaso dezakeela Usurbilek, kontuan izanda %87ko gaikako bilketa" duela. Hala, tratamendu gastuetan, "45.000 euro gutxiago ordaindu beharko" lituzke herri honek, Udalaren estimazioen arabera.
Jokabide onak saritzea helburu duen Kataluniako kanon eredua hemen aplikatuko balitz, bestalde, Usurbilek "37.000 euroko diru-sarrera izango luke".
Hilerria
Zerbitzu horren kostuei eta sarrerei buruzko "azterketa sakona" egina du Udalak, udal gobernu taldeak asteazkeneko osoko bilkuran adierazitakoaren arabera. Testuinguru horretan, hiru aldaketa proposatu dituzte. "Emakidak eguneratzea, errautsak lekuz aldatzeagatik eta tanatorio zerbitzuagatik" igoerak aplikatzea.
Aldaketa horiekin, orain arteko %50eko defizita, %30era murriztu asmo du udal gobernu taldeak. "Zerbitzua garestitzen ari gara, baina zerbitzua hobetu nahi dugu, kalitatezko zerbitzua eskaintzeko". Hala, 2026an hainbat eskuhartze egingo dituzte Aginagako hilerrian eta Usurbilgoan aparkaleku berria.
ZERGAK
"Usurbilgo presio fiskalaren inguruko azterketa egin dugu", jakinarazi dute udal gobernu taldetik. Ondasun higiezinen eta ibilgailuen zergak aztertu dituzte horretarako eta "ez ukitzea", zerga horiek bere horretan uztea erabaki dute. KPIaren %3ko igoera orokor horretatik aldentzen den salbuespenik bada, ordea; gainbalioko zerga. %5eko igoera proposatu dute, "20 urtetik gorako koefizientea azken bi urteetan %10 jaitsi direla eta, gerta litekeen diru-sarrera galera apaltze aldera".
Bestalde, Usurbilgo Udalak hiru urterako etxebizitza plangintza bat landua du, eremu tentsionatuan sartzea ahalbidetu diona. Plangintza horren testuinguruan, etxe hutsei lehendik aplikatzen zaien errekargua ere nabarmendu du udal gobernu taldeak. Lehen, %50ekoa zen. Iaz hala erabakita, %150eraino igotzea adostu zuten. Honenbestez, 2025. urte honetan ari dira estreinakoz aplikatzen, zerga eguneratu hori.
Igoera horrek izandako eraginari lotutako lehen datuen berri eman du udal gobernu taldeak, asteazken honetako, urriaren 8ko osoko bilkuran. "193 kobrantza bideratu dira. 38 errekurtso egon dira eta horietatik 8 ez dira onartu. Ondorioz, 163 etxebizitzei egin zaie errekargua". Horrekin batera, etxe huts gisa jotzen zituzten inor erroldatu gabeko bizilekuak. Alokairu kontratu bat erakustea aski zen, etxe horretan norbait bizi zela ondorioztatzeko. Aurrerantzean, ordea, fidagarriagotzat jotzen duten neurria hartuko dute; urteko kontsumo gutxienekoa ezartzea, etxe bat hutsik den edo ez egiaztatzeko. "Hainbat herrietan hala dago jasota", udal gobernu taldetik azaldu dutenez.
Trantsizio ekologikoaren ardatzari dagokionean, azkenik, ondasun higiezinen zergan energia aprobetxamendurako hobaria %40tik %50era igotzea proposatu dute, PSE-k eginiko zuzenketa aintzakotzat hartuta.
PREZIO PUBLIKOAK
Haur eskola:
Aurreikusten diren aldaketak tarteko, ez da igoerarik aplikatuko.
Udajolas:
Kostuen igoera nabarmena tarteko eta zerbitzuaren estaldura maila %50ekoa izateko bidean, kuota progresiboki urtero 15 euro garestitzen ari dira. 2026an ere hala izango da; honenbestez, 135 euroko kostua izango du Udajolasek. Halere, udal gobernu taldetik jakinarazi dutenez, "igoera hau planteatuta ere, gastuen eta sarreren oreka bermatzetik oso urrun" gaude.
Buruntzaldea mailan adosturiko kirol zerbitzuak:
Legealdi hasieratik eginiko igoera progresiboaren baitan, Buruntzaldea mailan %5,5 igoko dira prezioak eta abonuak.
HOBARIAK
Udal gobernu taldetik gogora ekarri dute, 2021ean martxan jarritako "hobarien sistema anbiziotsua, justizia sozialean eta aukera berdintasunean aurrera egiteko", besteak beste, prezio publikoetan, "ulertzen genuelako bizikidetza unitate bakoitzeko errentak ezin zuela muga izan Udalak eskainitako eskaintza publikoetarako sarbidea eragozteko".
Hobariak eskuratzeko erreferentzia gisa estatuak ezarritako lanbidearteko gutxieneko soldata (egun, 1.180 eurokoa) hartzen du kontuan Udalak. "Erreferentzia horrekin neurri horren onuradunak" asko izan daitezke, EHBilduren esanetan.
PSE-ren bi proposamenak
Aipatu moduan, 2026ko ordenantza fiskalen aldeko botoa eman dute EHBildu eta EAJ udal taldeen ordezkariek. Usurbilgo PSE-EE abstenitu da. Izan ere, bi proposamen egin ditu; bat onartua izan zena, bestea ez. Onartutakoa da, Ondasun Higiezinen Zergan %40tik %50era igotzea, energia berriztagarrien aprobetxamendurako sistemak instalatzen dituztenentzako hobaria. Urrats garrantzitsutzat jo du bozeramaile Petri Romerok "trantsizio energetikoa sustatzeko eta herritarrek jasangarritasunarekin duten konpromisoa saritzeko". Izan ere, "ekimen honekin zerga-politika bidezkoago baten aldeko konpromisoa erakutsi nahi dugu. Gainera, aurrerapauso bat da gure udalerriak jasangarritasunaren alde egiten duen apustuan, eta, aldi berean, familien inbertsioa sustatzen du energia garbietan eta etxebizitzen eraginkortasuna hobetzen du".
Proposamen hau onartua izateagatik eskerrak helarazi dizkio Romerok udal gobernu taldeari, baina abstenituko dela iragartzearekin batera. Izan ere, KPI-aren igoera orokorra %2,7koa izatea proposatu du, estatu mailakoa hartzea erreferentzia gisa. "Badakigu desberdintasuna ez dela handia baina, gure iritziz, etxeetan nabaritzen da". Gaineratu duenez, "ekimen horren helburua zen familien eta tokiko enpresa txikien gaineko presio fiskala murriztea; izan ere, erkidegoko indizearekiko 0,3 puntuko desberdintasunak ez ditu arriskuan jartzen udalaren diru-bilketarako ahalmena eta zerbitzu publikoak, eta, aurrekontuaren aurreikuspenaren barruan barneragarria da". Ildo horretan, Usurbilgo PSE-EEk jakinarazi duenez, "kudeaketa arduratsu baten alde lanean jarraitzeko borondatea berresten du, jasangarritasun ekonomikoa eta herritarren beharrekiko eta tokiko ekoizpen-sarearekiko sentikortasuna uztartuko dituena".