Usurbilgo PSE-EEk Ondasun Higiezinen Zergaren (OHZ) hobarietan hobekuntza bat egitea proposatu du, udalerrian energia berriztagarrien erabilera sustatzeko. Eta proposamenak gainerako alderdien onespena jaso du. "Udalbatzak aho batez onartu du Talde Sozialistak aurkeztutako zuzenketa", PSE-EEtik aditzera eman dutenez. Zuzenketa honi esker, "%50eko murrizketa aplikatuko zaie energia berriztagarriak aprobetxatzeko sistemak instalatzen dituzten higiezinei, hala nola eguzki-energia termikoa, fotovoltaikoa edo bestelako iturri garbiak" baliatzen dituztenei.
Petri Romero udal zinegotzi sozialistaren esanetan, "urrats garrantzitsua da trantsizio energetikoa sustatzeko eta herritarrek jasangarritasunarekin duten konpromisoa saritzeko. Ekimen honekin zerga-politika bidezkoago baten aldeko konpromisoa erakutsi nahi dugu. Gainera, aurrerapauso bat da gure udalerriak jasangarritasunaren alde egiten duen apustuan, eta, aldi berean, familien inbertsioa sustatzen du energia garbietan eta etxebizitzen eraginkortasuna hobetzen du ".
Abstentzioa, udal tasen inguruko bozketan
Hurrengo urteko tasak eta zergak zehaztu behar ziren atzoko ezohiko udalbatza plenoan. Alderdi sozialistak abstentzioaren alde egin zuen, “arduraz eta aurkeztutako proposamenekin koherentziaz jokatzeko arrazoiak tarteko". Sozialistek EH Bilduk gidatzen duen gobernu taldearen elkarrizketa-gaitasuna eta aurrerapenak positiboki baloratzen baditu ere, ez dira guztiz kontuan hartu PSE-EEren ekarpen guztiak. Adibidez, Udalak erkidegoko indizearen ordez Estatuko KPIa (%2,7) erreferentzia gisa aplikatzeko egindako proposamena ez zen aurrera atera. "Ekimen horren helburua zen familien eta tokiko enpresa txikien gaineko presio fiskala murriztea; izan ere, erkidegoko indizearekiko 0,3 puntuko desberdintasunak ez ditu arriskuan jartzen udalaren diru-bilketarako ahalmena eta zerbitzu publikoak, eta, aurrekontuaren aurreikuspenaren barruan barneragarria da".
Abstentzioaren alde egin arren, "Usurbilgo PSE-EEk kudeaketa arduratsu baten alde lanean jarraitzeko borondatea berresten du, jasangarritasun ekonomikoa eta herritarren beharrekiko eta tokiko ekoizpen-sarearekiko sentikortasuna uztartuko dituena".