Urriaren 18an

Txalaparta Festako bazkaritarako txartelak eskuratzeko azken egunak

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 9a, 11:35

Jexux Artze Kultur Elkarteak eta 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak urriaren 18an antolaturiko jaialdiaren baitan bazkaria egingo da Saizar sagardotegian. Otordurako lekua hartzeko azken egunak dituzue honako hauek.

Musika instrumentu honetaz era desberdinetan gozatu eta bizitzeko moduko hirugarren edizioa prestatu dute Jexux Artze K.E.-k eta 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak elkarlanean urriaren 18rako. Osatu duten egunpasa horren egitaraua doakizue segidan.

Antolaturiko hitzorduen artean, bazkaria iragarri dute Saizar sagardotegian. Adi, otordu horretarako txartelak hilaren 12a baino lehen eskuratu beharko dituzue. Txalapartaz giroturikoa izango da. "Txalaparta irekia" iragarri dute otordu horretarako.

Gainerakoan, goizean nahiz arratsaldean zehar, herri erromeria, ibilaldia, kontzertuak... iragarri dituzte egun osoz. Hemen dituzue xehetasunak:

Urriak 18, larunbata
11:45 Herri erromeria eta txorizo eta sagardo banaketa, Mikel Laboa plazan (euria bada, Askatasuna plazan): adar deia, albokariak, txalaparta irekia eta ikasleen emanaldia.
14:00 Ibilaldia albokariekin, kaxkotik Saizar sagardotegira.
14:30 Bazkaria Saizarren. Bazkaria bitartean, txalaparta irekia.
Txartelak, urriaren 12ra arte salgai usurbilkultura.eus plataforman 46 euroren truke. Haurrentzako menua usurbiltxalaparta@gmail.com helbidera idatzita erreserbatu beharko da. Egunean bertan ordaindu beharko da horren prezioa, 21 euro.
18:30 Malkoak TX eta Talka taldeen kontzertua, herrian zehar, Artzabalgo plazatik hasita.
20:00 Juan Mari Beltran laukotearen kontzertua, frontoian.

Antolatzaileak: Jexux Artze K.E. eta 650 Usurbil Bizi.