Hirugarrenez kaltetu zuten astelehen arratsaldean, DYAk Munalurran duen egoitzako ikasgela. Astearte goizean, Udalak behin-behinean ixtea erabaki zuen duela urtebetetik iraunkorki, egunero zabalik den gunea eta biharamunean, asteazkenerako erabiltzaileekin bilera deitu zuen.
Bilera horretan, orain arte hartu gabeko neurriak hartzeko asmoa agertu zuten eta asmo hori betetzera doaz orain. Izan ere, momentuz itxita egongo da ikasgela hau, udal-brigadak azken kalteak konpon ditzan. "Udal brigada jada hasi da konponketak egiten: itxialdia baliatuko da lehendik zeuden akatsak konpondu eta guztia pintatzeko", jakinarazi du Udalak.
Giltza beharrezkoa
Urriaren 20an ireki asmo dute berriz, iragan 2024ko urriaren 15az geroztik egin duten moduan, astelehenetik igandera, 08:00-22:00 artean. Baina bertara sartzeko aldaketa esanguratsu bat izango da; giltza beharko da. "Sutegi liburutegian jarriko diren eskaera orrien bidez" eskatu ahalko dira giltzok. "Horrekin batera, araudi bat prestatuko du udalak, eta erabiltzaileei helarazi, giltza ematearekin batera. Ikasketa beharrak bukatutakoan soilik itzuli beharko da giltza".
Liburutegiko ordutegitik kanpo, Udaltzaingoan ere ikasgelako giltza eskatu ahalko dela ohartarazi du Udalak.
Sutegi liburutegiaren ordutegia
Astelehenetik ostiralera: 10:00-13:00 eta 16:00-19:30.
Larunbatetan: 10:00-13:00.
Udaltzaingoaren ordutegia
Astelehenetik ostiralera: 07:30-21:00
Larunbatetan: 09:00-21:00
Igandetan eta jaiegunetan: itxita.