Trenbidearen arloko "Europako segurtasun-sistema aurreratuena" ezarriko dute 2026. bigarren seihilekoan Usurbil eta Hendaia artean. Hala jakinarazi du Eusko Jaurlaritzaren Mugikortasun Jasangarriko Sailak. "Euskal Trenbide Sarearen trenbide-sarea, bai Euskotrenen trenak sistema horretan integratzeko prozesuan murgilduta daude, Europako Batzordeak bultzatuta". Aipatu sistema berriak gradualki egungoa ordezkatuko du, "EUROLOOP izenekoa. Teknologia horrek ia 30 operazio-urte ditu, eta horren zaharkitze teknikoak trantsizio hori egitera behartzen du. Migrazio horrek 70 milioi euroko inbertsioa ekarriko du datozen urteetan".
Bi sistemek trenbideetan jarritako gailuek "hari gabeko informazioa helarazten die tarte bakoitzetik igarotzen diren trenei. Helburu dute trenaren gidatzea automatikoki gainbegiratzea, profesionalei tarte bakoitzean abiadura-marjina egokiak zein diren adierazteko eta trenari muga maximoak finkatzeko, adierazitako parametroak gaindituz gero balaztan jarduteko ahalmenarekin, besteak beste".
Hobekuntzak
Sistema aldaketak hainbat hobekuntza ekarriko ditu. Besteak beste, "bere hobekuntzen artean sartzen da sareko puntuaren profil osatuagoak ematen dizkiola trena gidatzen duen pertsonari, abiadura-profil dinamikoekin, semaforoen antzekoak diren trenbide-seinaleen egoeraren eta puntu horretako zein hurrengoetako orratzen arabera. Horrek aukera ematen dute, halaber, abiadura-marjina horiek bidearen baldintza aldakorretara (hala nola obretara edo meteorologiaren ondoriozko gorabeheretara) azkar egokitzeko. Horien artean daude, esaterako, luiziak edo adarrak katenariaren gainera erortzea. Izan ere, gaur egun, aldaketa hori eskuz egiten da bideetan jarritako gailuetan, eta ERTMS sistemarekin zuzenean egingo da aginte-postutik".
Sistema hori ezartzeko gaueko lehen probak egiten hasi dira egunotan Irun eta Hendaia artean, "sistemak behar bezala funtzionatzen duela egiaztatzeko, bai tren-unitateetara egokitzeari dagokionez, bai azpiegiturari dagokionez. Unitate bat erabat hornituta dago eta beste bi sistema berrira egokitzeko fase desberdinetan daude", Eusko Jaurlaritzatik berri eman dutenez.
Prestatzen
Sistema berri hori faseka inplementatu asmo dute. Aipatu moduan, lehenbizi, Usurbil eta Hendaia arteko trenbidean martxan jarri asmo dute 2026. urteko bigarren seihilekoan. Gero, Zumaiaraino hedatuko dute 2027. urte hasieran.
Garai berri horri begirako trebakuntza lanetan dira dagoeneko langileak. "Une honetan, Euskotrenen gidari taldea prestakuntza teorikoa jasotzen ari da, eta, ondoren, saio praktikoak jasoko ditu, Araso eta Lebarioko instalazioetan dagoeneko eskuragarri dauden bi simulagailu berri erabilita. Prestakuntzaren hirugarren zatia trenbidean bertan gidatzeko praktikak izango dira. Euskotrenen kasuan, 260 profesionalek egingo dute prozesu hori. Horrela, sistema berrian trebatutako lehen pertsonak Donostiako trenbide-pasagunea abian jarri aurretik egongo dira prestatuta, eta une horretan jarriko da funtzionamenduan ERTMS sistema".