Urriaren 14an

Kaleko jarduera handien baimen eskaerei buruzko bilera

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 11a, 10:11

Usurbilgo Udala gai horri lotuta egiten ari den lanketaren baitan, herri eragileekin bilera deitu du urriaren 14an.

Herri biziaren islada izango du Usurbilgo Udalak datorren asterako deitutako hitzorduak. Izan ere, denetariko hitzorduek hartzen dute herriko espazio publikoa urtean zehar. Jarduera handiei lotuta horien antolakuntzari begira baimen eskaerak lantzen aritu da azken hilabeteotan Usurbilgo Udala. Gai horri lotutako azalpenak emateko bilera deitu du herri eragileekin datorren asteartean, urriaren 14an, arratsaldeko 18:30etan Potxoenean.

"Ekitaldi eta espazio publikoen erabilerarako baimenak eskatzeko jarraibideak, ekitaldiak baimentzeko irizpideak eta beste azalduko dituzte bileran. Kalean edo espazio publikoan ekitaldiak antolatzen dituzten eragile guztiei zuzendua da astearteko deialdia", ohartarazi du Udalak.

Aldaketak
Baimen eskaeren gaian hobekuntzak txertatzea du xede egiten ari diren lanketak. "Orain arte, halako jarduerak antolatzeko ez da berariazko eskaera orririk izan udalean, eta eskaera orokor gisa erregistratu izan dira. Horren ondorioz sortutako hutsuneak konpontzeko asmoz sortu da eskaera orri berria", Udaletik azaldu dutenez.

Ildo horretan, aurreratu dutenez, "baimen eskaera berrian antolatu nahi den ekitaldi edo jardueraren inguruko informazioa betetzeaz gainera, antolatzaileek onartu beharko dituzten baldintzak zehazten dira, euskarari, hondakinen kudeaketari eta eraso sexista, homofobo eta arrazistei lotutakoak. Eskaerak aurkezteko epeei dagokienez, udalak baldintza gisa jarri du gutxienez ekitaldiaren data baino hamabost egun lehenago aurkezteko baldintza".