"Ahaldatu" lan berria aurkeztuko du Mihisek urriaren 17an

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 11a, 11:05

Usurbilgo taldea oholtza gainera bueltatzear da. Urriaren 17an aurkeztuko dute haien bigarren sorkuntza lana, "Ahaldatu" izenekoa.

Oholtza gainera bueltan datoz sorkuntza lan berriarekin. Izan ere, "Ahaldatu" izena du Mihise taldeak plazaratzear duen bigarren diskoa. Lehenengoa, "Kronik@" izenekoa 2020an kaleratu zuten Beñat Urteagak (baxua, ahotsa), Antton Aranburuk (gitarra, ahotsa) eta Mikel Olasagastik (bateria). Hotzikara edota Izeberg taldeetatik datoz hiru musikariak.

Aurrerapen kanta
Taldearen esanetan, badakartza berrikuntzak bigarren diskoak instrumentuen aldetik, baina haien abesti bilduma entzunda, Mihise entzun daiteke argi haien hitz eta doinuetan, jatorriari uko egin gabe. Aurrerapen moduan, "Dena eman" izeneko kanta entzungai jarri dute sarean. Gainerako edukia, xehetasunak urriaren 17rako antolatu duten ekitaldian ezagutuko dituzue. Izan ere, aurkezpen kontzertua antolatu dute Sutegin. Lagunarte giroan partekatu nahi dute, urteotan Haraneko lokalean lantzen joandakoa. Sarrerak egunean bertan jarriko dira salgai

Mihiseren lan berriaren aurkezpena
• Urriak 17 ostirala.
• 19:00etan, Sutegin.
• Sarrera: egunean bertan, 5 eurotan.