24 ordu baino ez, Euskal Herriak Palestinarekin bat egiteko, sindikatuek deitutako lanuzte orokorraren bidez. Asteotan, zehazten joan gara asteazken honetarako, urriaren 15erako deituak zeuden mobilizazioak. Azkeneko xehetasunak heldu dira aste hasiera honetan.
Ordutegiak
LAB, CCOO, UGT, ESK, STEILAS, CGT, Etxalde eta HIRU sindikatuek deitutako lanuzte orokorreko ordutegietan zenbait aldaketa izan dira asteotan, jakinarazten joan garen moduan. Horrekin batera, aurreikusitakoak baino mobilizazio gehiago izango dira. Segidan dituzue xehetasunak.
Usurbili dagokionean, elkarretaratzea egingo da 11:15ean udaletxe atarian. Izan ere, "udal langileen gehiengoak ere bat egingo du deialdiarekin, 11:00 eta 14:00 bitartean: tarte horretan, beraz, udal zerbitzuak ez dira bermatuta izango". Udaletik gaineratu dutenez, "Garbitaniako langileek ere lanuztearekin bat egin dute: ohiko ordutegian hasiko dute hondakinen bilketa, baina ez dute amaituko. Larrialdi guneak irekita egongo dira, behar dituztenentzat".
Arratsalde eta iluntze partean, Gernika-Palestina Herri Ekimenak elkarretaratze burrunbatsuak deitu ditu herrietan. Bilgune honek bat egin du sindikatuek egun horretarako eginiko deialdiekin.
Urriak 15, asteazkena
03:00-06:00 / 19:00-22:00 Lanuzteak txandaka lan egiten dutenen kasuan.
11:00-14:00 (15:00ak arte goizeko lanaldiaren aritzen direnek) Lanuzte nagusia.
11:00 Mobilizazioak lantokietan.
11:15 Elkarretaratzea udaletxe atarian.
12:30 Manifestazioak hiriburuetan. Donostiakoa, Bulebarretik abiatuko da. Hiru zutabe abiatuko dira aldez aurretik, Bulebarrerantz: 11:30etan Amarako Pio XII plazatik eta Saguesetik. 11:45ean Antiguoko tuneletik.
19:30 Gernika-Palestina ekimenak deitutako burrunba herrietan; Usurbilen, Mikel Laboa plazan. Sindikatuek bat egingo dute mobilizazio horiekin, haien hirugarren lanuztearen baitan egingo da eta.
Hezkuntzan lanaldi osokoa
Urriaren 15a, Palestinarekin bat egiteko eguna izango da Hego Euskal Herrian, aipatu moduan. Lanuzte horiek lanaldi osokoak izango dira hezkuntzan. "Hasiera-hasieratik Israelek Palestinako Herriaren aurka egindako eraso basatia salatu du hezkuntza komunitateak, eta horren aurrean hainbatetan mobilizatu da. Gaur egun gertatzen ari dena genozidio bat dela ez du inork zalantzan jartzen, Israelgo Estatuak berak edo hura sostengatzen duten gobernu eta interes ekonomikoek salbu", LAB sindikatuaren esanetan.
Genozidioaren amaiera eta elkartasuna
Lanuzte eta mobilizazio hauen bidez, "langile klase osoaren elkartasuna" adieraziko zaio palestinar herriari. AEBetako Gobernuaren babesarekin, Israel egiten ari den genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak edota Zisjordanian Palestinako lurraldearen etengabeko kolonizazioa eta horrek "langile palestinarren lan- eta bizi-baldintzetan dituen ondorio larriak" salatzeko ere baliatuko dira deialdiok.
Eskari gehiago ere plazaratu nahi dira lanuzteon bidez. Batetik, "Gazako genozidioaren berehalako amaiera eskatzeko eta okupazioa eta kolonizazioa amaituko dituen eta Palestinako herriak askatasunean bizitzeko eskubidea bermatuko duen konponbide integrala" exijituko da. Bestetik, "patronalari eta instituzioei, bertakoei zein nazioartekoei, Israelekin harreman komertzial oro" etetea eskatuko zaie. "Ezin da genozidio baten kontura negozioa egiten jarraitu", gogorarazi dute.
"Europar Batasuna-Israel Elkartze Hitzarmena osorik" etetea ere eskatuko da.