Herrikideak ETB-n, anai-arrebak lehian Mihiluzen eta Haimar Zubeldia elkarrizketatua

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 16a, 09:17

Egunotan, gau partean ETB sintonizatu duenak herrikide bat baino gehiago ikusi ahal izan ditu pantailaz bestalde; anai-arreben arteko lehia izan da Mihiluzen eta Haimar Zubeldia elkarrizketatu dute "Hamaika Entzuteko" saioan.

 

Aurpegi ezagunek hartu dute Euskal Telebista azken gau hauetan, Usurbilgo eta Zubietako herrikideek hain zuzen. Batetik, astearte gauero, 22:00ak pasatxoan, Klaudio Landak aurkezturiko Hamaika Entzuteko izeneko eztabaida eta elkarrizketa saioa eskaintzen du ETB1 kateak. Astero pertsona ezagun bat gonbidatzen dute saiora. Urriaren 14ko saioan, Haimar Zubeldia elkarrizketatu zuten. Bere ibilbideaz mintzatu zen luze-zabal Urdaiagakoa. Esteka honetan ikusi eta entzun dezakezuek Euskal Telebistari eskainitako elkarrizketa osorik: "Hamaika Entzuteko".

Anai-arrebak lehian Mihiluzen
Bestalde, euskararekin jolastu nahiz geure hizkuntza sakonago ezagutzeko aukera ematen duen Mihiluze lehiaketan ere herri ordezkaritza dugu egunotan. Urriaren 7ko saioan, Usurbilgo eta Zubietako herrikide bana hasi ziren parte hartzen, Naroa eta Karmele hurrenez hurren. Ilaski Serrano eta Antton Telleria aurkezleen galderei erantzunez, magisteritza ikasten ari direla jakinarazi zieten; Naroa musikan espezializatzen ari da, Karmele haur hezkuntzan. Perun eta Uruguain egonaldiak eginak dira biak.

Duela astebete pasatxo hasi ziren agertzen lehiaketan eta hor jarraitzen dute. Sei saioetan lehiatu dira, zazpigarrena izango dute ostegun honetan, urriaren 16an ETB-k eskainiko duena. 

Egunotan, lehiakide bat baino gehiago izan dituzte. Izan ere, programa bikoitzean hiru bikoteek parte hartzen dute Mihiluzen eta tartean izan da egoera bitxirik. Astelehen gaueko, urriaren 13ko saioan, anai-arreben arteko lehia eskaini zuten. Naroak eta Karmelek laugarren programa zuten egun horretan, beste usurbildar eta zubietar bat hasi ziren lehiatzen Euskal Telebistaren saio ezagunean; Gorka eta Harri. Gorka Karmeleren anaia da. Bi lehiakideok Udarregi garaitik ezagunak, Iruñean ingeniaritza agronomoa ikasten ari dira eta pisukideak dira.

Astearteko saiorako ez zuten sailkatzerik izan Gorkak eta Harrik. Aipatu moduan, Naroa eta Karmele gaur ikusi ahalko dituzue berriz Mihiluzen. Lehiaketa ezaguna, astelehenetik ostegunera eskaintzen dute ETB1 telebista katean, iluntze partean, 21:30ak aldera. Orain arteko saioak, ikusgai dituzue osorik lotura honetan: "Mihiluze"