Palestinarekin bat egin eta mobilizatzeko eguna gaur Euskal Herrian, baita Usurbilen ere. LAB, CCOO, UGT, ESK, STEILAS, CGT, Etxalde eta HIRU sindikatuek deitutako lanuzteekin bat egingo du udalerri honek ere. Eguerdian hiriburuetan (Donostian, 12:30etan Bulebarretik) deitutako manifestazioen aurretik eta ondoren ere, udalerri honetan mobilizatzeko aukera izango dute herritarrek.
Hasteko, 11:15ean udaletxe atarian elkarretaratzea egingo da. Usurbilgo Udaletik jakinarazi dutenez, bai udal gobernu taldeak baita udal langileen gehiengoak ere bat egin du gaurko lanuzte egunarekin. Hala jakinarazi du Udalak. "Udal-gobernuak bat egin du Palestinari elkartasuna adierazko Hego Euskal Herriko sindikatuek Genozidioarekin negoziorik ez. Langileok Palestinarekin! lelopean deitutako lanuztearekin. Udal langileen gehiengoak ere bat egingo du deialdiarekin, 11:00 eta 14:00 bitartean". Gaineratu dutenez, "Garbitaniako langileek ere lanuztearekin bat egin dute: ohiko ordutegian hasiko dute hondakinen bilketa, baina ez dute amaituko. Larrialdi guneak irekita egongo dira, behar dituztenentzat".
Udalak gogora ekarri ditu, mobilizazio honen helburu nagusiak: "langile klase osoaren elkartasuna adieraztea Palestinako herriarekin; Israel Palestinako herriaren aurka, AEBetako Gobernuaren babesarekin, egiten ari den genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak salatzea; Zisjordanian Palestinako lurraldearen etengabeko kolonizazioa salatzea, eta horrek langile palestinarren lan- eta bizi-baldintzetan dituen ondorio larriak; Gazako genozidioaren berehalako amaiera eskatzea eta okupazioa eta kolonizazioa amaituko dituen eta Palestinako herriak askatasunean bizitzeko eskubidea bermatuko duen konponbide integrala exijitzea; Patronalari eta instituzioei, bertakoei zein nazioartekoei, Israelekin harreman komertzial oro eteteko eskatzea. Ezin da genozidio baten kontura negozioa egiten jarraitu; Europar Batasuna-Israel Elkartze Hitzarmena osorik eten dadin eskatzea".
Honenbestez, tarte horretan, "udal zerbitzuak ez dira bermatuta izango". Lanuztea hasi eta berehala, mobilizaziorako deia egin dute Joxe Martin Sagardia plazan, 11:15ean.