#U15, Palestinarekin bat

Lanuzte orokorra eragina izaten ari da hainbat zerbitzuetan

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 15a, 08:17

Palestinarekin bat egiteko gaurko lanuzte orokorrak esparru askotan eragingo du; tartean, zerbitzuetan.

Eragin zuzena izango du gaurko LAB, CCOO, UGT, ESK, STEILAS, CGT, Etxalde eta HIRU sindikatuek Palestinarekin bat egiteko deitutako lanuzte orokorrak zerbitzuen sektorean. Usurbilen ditugun hainbat zerbitzuei lotutako xehetasunen berri duzue segidan.

Web orrialde honetako beste albisteetako batean jakinarazi moduan, udal gobernu taldeak eta udal langileen gehiengoak bat egingo du gaurko lanuzte orokorrarekin, 11:00-14:00 artean. "Garbitaniako langileek ere lanuztearekin bat egin dute: ohiko ordutegian hasiko dute hondakinen bilketa, baina ez dute amaituko. Larrialdi guneak irekita egongo dira, behar dituztenentzat". 

Hiruzpalau orduko lanuzteak deitu dituzte egunean zehar sektore gehienetan, hezkuntzan izan ezik. Gogoan izan, Usurbilen Udarregi ikastola dugu, Zubietako eta Aginagako eskolak, Oinarrizko Lanbide Heziketa Atallun eta Zubieta Lanbide Eskola. Lanaldi osoko lanuztea egitera deitu dute sektore horretan.

Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuk finkatu ditu alor horretan. "Ikastetxe publikoetan zein itunduetan, zuzendaritza-taldeko pertsona bat, ikastetxe bakoitzeko atezain bat, hezkuntza-etapa bakoitzeko irakasle bat eta ikasleen babes-funtzioa babesteko irakasle nahikoa egongo direla bermatuko da".

Osasun zerbitzuei dagokienean, anbulatorioa dugu Usurbilen. Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxineko zerbitzuen testuinguruan, "lehen mailako arretan, larunbat bateko zerbitzuak emango dira, eta larrialdi-zerbitzuek % 100ean funtzionatuko dute".

Garraioa
Usurbildik egunero igarotzen diren tren eta autobusei dagokienean, gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte. Lurraldebusek jakinarazi duenez honako zerbitzuok finkatu ditu:

BU02 Aginaga-Usurbil-Ospitalea
Aginaga-Usurbil-ospitalea: 7:05 (Aginagatik), 9:45,14:05 (Aginagatik), 17:45, 21:05 (Aginagatik).
Ospitalea-Usurbil-Aginaga: 8:10 (Aginagaraino), 10:30, 15:10 (Aginagaraino), 18:30, 22:10 (Aginagaraino).

BU10 Usurbil-Hernani
Hernani-Usurbil: 7:25, 7:55, 14:55, 21:55.
Usurbil-Hernani: 7:15, 7:45, 14:15, 21:15.

UK09, Zumaia-Donostia
Usurbildik Donostia aldera: 8:10, 9:15, 13:15, 13:45, 19:15, 20:15.
Usurbildik Oriorantz: 7:15, 9:15, 10:15, 14:15, 14:45, 19:15, 20:15, 21:45.


Euskotren
Trenen joan-etorrietan ere gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu Euskotrenek, asteazken honetan urriaren 15ean, Palestinarekin bat egiteko sindikatuek deitutako lanuzte orokorraren harira. "Euskotrenek, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Iraunkorreko esku dagoen Sozietate Publikoak, datorren asteazkenerako, urriaren 15erako, deitutako greba dela eta, ezarritako gutxieneko zerbitzuak (%30) bermatuko ditu", ohartarazi dute. Esteka honetan eskura dezakezue ordutegia: Euskotren, greba egunean