#U15, Palestinarekin bat

Udal langileak eta herritar hainbat elkartu ditu udaletxe aurreko elkarretaratzeak

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 15a, 13:12

"Genozidioarekin negoziorik ez. Langileak Palestinarekin!'" aldarripean deitutako lanuztearekin bat egin dute udal langileek eta hainbat herrikideek goizeko 11:15ean udaletxean. Palestinarekin bat egiteko sindikatuek deitutako lanuzte orokorreko Usurbilgo lehen mobilizazioa izan da. Bigarrena, 19:30etan egingo da Mikel Laboa plazan.



Lanuzte orokorra deitua dute sindikatuek asteazken honetarako, urriaren 15erako, Palestinarekin bat egiteko, herri horren aurkako genozidioarekin negoziorik ezin dela egin ozen salatzeko eta palestinar herriari babesa emateko. Hiruzpalau orduko lanuzteak deitu dira gaurko, sektore guztietan. Lanuzte nagusia goizeko 11:00etan hasi da. Une horretan elkarretaratzeak deituak zeuden lantoki atarietan. 

Deialdiarekin bat egin dutenen artean zen Usurbilgo Udala ere; udal gobernu taldea eta udal langileen gehiengoa. Elkarretaratzea deitu da goizeko 11:15ean udaletxe atarian. Mobilizazio horretakoak dituzue albiste honi atxikitako irudiak.  

Pankartarik ez gaurkoan, palestinar bandera handi bi, elkarretaratzearekin bat egin dutenen eskuartean. Udal gobernu taldeko ordezkariak izan dira bertan, baita udal langileak ere eta, nola ez, deialdiarekin bat egin duten hainbat herritar.

"Genozidioarekin negoziorik ez. Langileak Palestinarekin!'" aldarripean, mobilizazio honekin batera, aipatu moduan, goiz parteko lanuztearekin bat egin dute udal langileek, 11:00-14:00 artean.

Mobilizazioei dagokienean, asteazken goiz honetakoa, ez da gaurko deitua dagoen elkarretaratze bakarra honakoa. Izan ere, Gernika-Palestina Herri Ekimenak mobilizazioa deitu du baita asteazken iluntze honetan, 19:30etan herri guztietan. Usurbilgoa, Mikel Laboa plazan egingo da.